Majo borrokatu arren, 22-20 galdu zuten Atxotegik eta Olaizolak Elgoibarko finala

Ubane Madera 2018ko urt. 22a, 10:31

Atxotegi eta Olaizola, garaikurrekin.

“Partidu ia guztian parean joan ginen eta amaieran 20-15 ipini ziren eurak aurretik. Pilota aldatu genuen eta 20-20 ipintzea ere lortu genuen, eta momentu horretan irabaztea posible zela ere pentsatu genuen”, kontatu du Aitor Atxotegik Elgoibarko finalari buruz; baina, gaineratu duenez, gaizki-ulertu bat tarteko, 21. tantoa egin zieten, eta jarraian etorri zen azkena; beraz, 22-20 galdu zuten Atxotegik eta Olaizolak San Anton txapelketa.

Bost tantoko aldea kontra zutela, pilota aldatu eta beste horrenbeste tanto jarraian egitea lortu zuten Atxotegi eta Olaizola bikoteak, Alberdirekin eta Aizpuruarekin 20ra berdintzea lortu arte. “Eta momentu horretan eurak urduritzen hasita eta gu berriz, hazita geunden”, kontatu du Aitor Atxotegik. Esperantzarako tartea izan zen hura, garaipena posible ikusten zuten-eta Atxotegik eta Olaizolak.

Baina, “gure arteko (bikotearen) gaizki ulertu baten ondorioz, 21. tantoa egin ziguten eurek eta hor amaitu zen gure tanto ilara. 22.a segidan egin ziguten gero”, laburbildu du Soraluzeko pilotariak Elgoibarren gertatutakoa.

Ikusle gehienak, Soraluzekoak

Partidua galdu arren, Atxotegik nabarmendu eta eskertu nahi izan du Elgoibarko harmailetara soraluzetar mordoa gerturatu izana. “Eskerrak gerturatu ziren lagun eta senide guztiei, asko izan ziren-eta. Ikusleen arteko zati handiena Soraluzekoak ziren”, dio pilotariak.