Izan ere, aspaldi honetan kluben arteko partiduetan lehiatu da Aitor Atxotegi, eta berak dioen moduan, “torneo pribatu baten finalera denbora da iritsi gabe nagoela, eta ilusio berezia egiten du; punta-puntan dabiltzan pilotari gazteen kontra jokatzeak, gainera, ilusio handiagoa egiten du”.
Frontoi ezaguna
Lagunen eta senideen babesa izango du Atxotegik gaurko partiduari aurre egiteko: “Lagunek, senideek eta pilota gustuko duen jende askok ere esan dit joango dela”, kontatu du.
Aldeko izango du, baita ere, Elgoibarko frontoia, sasoi batean etxekoa izan zuena: “Elgoibarko frontoia apur bat txikitxoagoa da, material gutxiago sartu behar da; gainera, jubenil garaian lau bat urtean hango klubean egon nintzen, eta han entrenatzen nuenez eta han jokatzen nuenez, hango frontoia hobeto ezagutzen dut”.
Partidu eguna duen honetan atseden hartuta joango da Soraluzeko pilotaria Elgoibarrera: “Astelehenean entrenatu genuen apur bat, eta martitzenean, berriz, frontoian takoekin-eta, partidua izango balitz modura entrenatu genuen”, jakinarazi du Atxotegik.
Esker-ona
Hain zuzen ere, Aldape (Mallabikoa), Bolinaga (Arrasate), Kortabarria (Soraluze), Santamaria (Soraluze), Balerdi (Antzuola) eta Atxotegi bera (Soraluze) ibili ziren etxean entrenatzen. Atxotegiren bikote den Jon Olaizola lesakarrak, berriz, Lesakako klubean entrenatu du, “pilota-zaleek klub bakoitzaren egoitza-frontoian entrenatzen dugu”, esplikatu du Atxotegik.
22:00etan hasiko da Elgoibarko torneoa, San Antonetako XXVII. Pilota Txapelketako finalak, alegia. Promesa mailako pilotariek jardungo dute lehenengo: Carregal eta Artola, Alberdi eta Apezetxearen kontra. Ondoren izango da senior mailakoen txanda: Atxotegi eta Olaizola, Alberdi eta Aizpururen kontra.
Partidura bertaratuko direnei zein interesa erakutsi duten guztiei esker-ona helarazi gura die Atxotegik.