Lau partidu ditu Sorak bihar, bat domekan

Ubane Madera 2018ko urt. 12a, 12:01
Sorako gorengo mailako taldea. Argazkia: Sora

10:00etan dute lehen hitzordua eta 16:30ean, berriz azkena, bihar zapatua, Soraluze Futbol Taldeko ekipoek. Hain justu ere, 16:30ean gorengo mailakoek hasiko dute norgehiagoka Azpeitiako Ikasberriren kontra, Ezoziko futbol zelaian. Domekari dagokionez, Eibarko ordezkariak hartuko dituzte, etxean.

Benjamin mailakoek mutikirolerako hitzordua dute bihar, zapatua, 10:00etan hasita. Horixe izango da Soraluze Futbol Taldearen lehen jarduna oraingo asteburuan.

Gorengoek, Azpeitiakoen kontra

11:45ean, berriz, Legazpiko Ilintxa taldeko infantil mailakoen bisita jasoko dute etxekoek. Eta 18:00etan Arrasatera joan beharko dute jubenil mailakoek, Mondraren kontra jokatzeko.

Biharko egutegia borobiltzeko Sorako gorengo mailakoen txanda izango da; Azpeitiako Ikasberriko mutilak etorriko dira Ezoziko futbol zelaira, 16:30ean partidua hasteko.

Sorako gorengo mailakoek galdu egin zuten joan den domekan Ezozin jokatutako partidua, 1-3 Zumaiakoren kontra. Horren ondorioz, sailkapeneko hirugarren postutik laugarrenera jaitsi ziren. Ikasberri, berriz, 13. dago sailkapen orokorrean.

Urki, domekan

Domekan, berriz, Sorako kadete mailakoek dute hitzordua, etxean, Eibarko Urki taldearen kontra. 11:30ean hasiko da partidua.