Hiru soraluzetarren kontrako epaiketa gastuetan laguntzeko mahaia

Ubane Madera 2018ko urt. 5a, 12:53

Datorren martitzenetik, urtarrilaren 9tik urtarrilaren 15era bitartean, Euskal Herriko 50 lagun epaitu egingo dituzte Madrilgo Auzitegi Probintzialean, desordena publikoa egotzita. Tartean daude inputatuta hiru soraluzetar. Eta epaiketa horretatik eratorritako gastuetan laguntzeko mahaia ipiniko dute gaur, barikua, 19:00etan udaletxe inguruan.

Hain justu, produktu ekologikoekin osatutako otarra zozketatuko dute dirua batzeko gaur ipiniko duten mahaia baliatuta. Gaztañerre azokan, berriz, Gaztetxeko barra kudeatu zuten eta kontzertuak antolatu, horiek ere dirua batzeko.

Desordena publikoa

2015. urtera jo beharra dago datorren astean hasiko den makro-epaiketa horren jatorriaren berri izateko. Hainbat gaztek, tartean soraluzetar batek, beste gazte batzuen kontra egiten ziharduten makro-epaiketa baliatu zuten, “euskal gaztediaren kontrako errepresio sistematikoa salatzeko”.

Oraingo epaiketan inputatuta dagoen gazte batek kontatutakoaren arabera, Murillo epaileak, hori ikusita, egiten zebilen epaiketa eten egin zuen. Eta aretoan zeuden gazteen lagunak eta senideak aretotik bota. Hala egin zuten haiek. Baina Murillo epaileak guztiak inputatu zituen, desordena publikoa egotzita.

5,5 hilabeteko kartzela zigorra

Eta orain akusazio horri eta berorrek dakarren 5,5 hilabeteko espetxe zigor eskaerari gehi Madrilera joan beharrak eta epaiketa berak dakartzan gastu guztiei aurre egin beharko diete gazteek.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.