Ander de Luis bigarren, 275 lehiakideren artean, Bergaran

Ubane Madera 2018ko urt. 2a, 15:18
Ander de Luis Bergarako podiumean.

"Ezustean” podiuma egitea lortu zuen Ander de Luis korrikalariak Bergarako San Silbestre Trail lasterketan. 275 lehiakideren artean bigarren iritsi zen helmugara, irabazlearengandik hiru segundotara besterik ez. 

“Pentsatzen nuen lehen hamarren artean sartzea postu oso ona zela ja. Baina oso-oso fuerte eta konfiantzarekin nengoen eta korrika eta korrika segitu nuen, baina ezin harrapatu. Sprint-ean irabazi zidan”, kontatu du domekan Bergaran Iñigo Altzola arrasatearrarekin izan zuen lehia estuaz.

Kontuak kontu, domekako emaitza horrekin pozik borobildu du urtea Soraluzeko korrikalariak, Bergarako lasterketa bera oso gustukoa izan zuen-eta: “Oso polita. Urtea bukatzeko oso ona. 6,7 kilometro izan ziren, motza baina exijentea. Asko gozatu nuen”, kontatu du. Hemen klikatuta ikusgai dago Goiena.eus-ek lasterketaren gainean egindako kronika.

Eta dagoeneko hurrengo hitzorduarekin dabil pentsatzen De Luis. Ez ohikoa berarendako, egingo duen lehen aldia izango delako: urtarrilaren 13an Kalamuan, krono-jaitsiera jokatuko du: “Barinagaruntz jaitsiera da. Krono-jaitsiera. Ez dut sekula egin eta frogatzeko ea gustatzen zaidan edo ez. Lau kilometroko ibilbidea da”.

Edozein modutan, emaitzei begira baino, egiten dabilenarekin disfrutatzen dihardu soraluzetarrak: “Gustura nago, egiten nabilenarekin disfrutatzen eta hori da inportanteena. Emaitzak ez badatoz, entrenatzen segituko dut eta kito”, esan du.