Futbolarekiko grina lau haizetara

Ubane Madera 2017ko abe. 31a, 13:03

Zapore ona utzi du atzo, zapatua, Soraluzen gauzatu zen Oinarrizko Futbol Eskolen II. Txapelketak. Lehiaketa baino, futbolaren inguruko topaketa ikusgarria bilakatu zen Soraluze Futbol Taldearen ekimena, eta Ezoziko futbol zelaian antzeman eta barreiatu zen futbolarekiko grina lau haizetara. Harmailak, gainera, herritarrez zein bisitariz beteta izan ziren, goiz eta arratsaldez, norberak etxekoa gogor animatuta, jakina.

Halako topaketa anitza antolatzeko hartutako lan handiaren ondoren, pozik daude Soraluze Futbol Taldeko kideak atzoko jardunaldiak utzitako emaitzarekin. “Oso ondo. Giro honekin, horrelako txapelketa batean… egun osoan eguraldi ona izatea asko da. Eta antolaketa aldetik, nahiko ondo irten da. Akaso hobetzeko dugu zirkulazioa hobeto bideratzeko kontua. Hori izan da gauzarik zailena. Datorren urterako beste zerbait pentsatu beharko dugu. Bestela, oso ondo”, baloratu zuen eguna Alberto Goenagak, Sorako presidenteak.

Indarrak parekatuta

Ehunka futbolari gazte eta haien laguntzaileak bisitari izan ziren Ezoziko futbol zelaian eta udalerrian bertan, Sorak bigarren urtez antolatutako Oinarrizko Futbol Eskolen II. Txapelketari esker.

Bergara, Ermua, Deba, Eibar, Donostia, Pasaia… eta beste makinatxo bat udalerritatik etorrita, gogor jardun zuten, hori bai, futbolari-gazteek egun osoan egin zen ligaxkan.

Norgehiagoketan eskolek erakutsitako maila, gainera, antzerakoa izan zen, paretsua, kasu gehienetan. Horren erakusle partidu bat baino gehiago penaltien bitartez erabaki behar izan zela, ikusleen artean zirrara biziak eraginez; eta gainontzeko partiduetan ere, gol asko baino, jokatutako minutuak izan zirela gehiago.

Sora irabazle!

Hori bai, emaitzak emaitza dira, eta etxekoei zor ezin azpimarratu barik utzi Sorako benjamin mailako bigarren urtekoek (9 urteko jokalariek) euren mailako finala irabazi egin zutela, Bergara Kirol Elkartearen kontra. Finalerdia bera ere, emozioz betetakoa izan zen, banaka berdinduta, penaltiei esker sailkatu zen-eta finalerako etxeko taldea.  

Garaipen horrekin, bukaera borobila izan zuten, beraz, Ezoziko futbol zelaian jokatutako partiduek, 19:00ak inguruan.