Al Quds Palestinaren hiriburua ala Israelen jabetza?

Soufiane Benzian 2017ko abe. 28a, 13:06

Duela urtebete, Donald Trump Estatu Batuetako presidente hautatu zutenean, palestinarren gehiengoak pentsatu zuen bere agintaldian alde batera utziko zuela bere aurreko hainbat kargudunek behin eta berriz agindu zutena: AEBen enbaxada Jerusalemera leku-aldatzea.

Bill Clinton edo George Bushek ez bezala – haiek atzera egin zuten herrialde arabiar eta musulmana ez haserrearaztearen -  Trumpek aurrera egin du eta Jerusalem Israelen hiriburutzat aitortu du, etorkizunean AEBen enbaxada bertara leku-aldatzeko asmoz.

Nazioarteko hainbat ahotsek atzera egiteko eskatu diote, ohartaraziz erabaki horrek Ekialde Hurbilean tentsioa handitu eta balizko bake-prozesu baterako aukerak urrituko lituzkela. Hala ere, agintari estatubatuarrak adierazi du bere erabakia ez dela interpretatu behar israeldar eta palestinarren arteko akordioarekiko konpromiso-falta gisa.

Beste ezeren aurretik, hainbat kontzeptu argituko ditut. Badakigu ezer sionismoaz? Baliteke kontzeptu hori irakurri izana sare-sozialetan; telebistan ez baita asko aipatzen, ez da komeni-eta.

Sionismoa esaten zaio “ustezko” Israelgo lurrak (Agindutako lurrak ) herri juduarentzako berreskuratzearen alde egiten duen mugimenduari. Sionistek nahi dute Palestinaren jabetzakoa den lurralde horretan juduak legitimoki ezartzea eta autogobernua izatea, 1948an sortu zuten Israelgo Estatuaren kasuan gertatu zen bezala.  

Mugimendu horren bidez, Israelek armak lortzen ditu petrolioaren truke (AEBrekin tratua eginda, noski). Gorbernu eta milizia israeldarrek urteak daramatzate herri palestinarra jazartzen; desegin dituzte komertzioak, farmaziak, eskolak, erietxeak; hil dituzte zibilak inolako kontzientzia arazorik sortu barik eta aurrez aurre ezarri dituzte bi herri, zeintzuek sufritzen duten agintari handiek hartzen dituzten erabakien eraginez, odol-isurtze horri esker, haiek aberasten diren bitartean.  

Hori ikusita Trump gustura dago bere besaulkian, eta haren erantzun bakarra gatazka larritzea da Al Quds Israelgo gobernuari emanaz, berea bailitzan. Oraindik ez dakigu horrekin guztiarekin Trumpek zer irabaziko duen, edo zer ez duen galduko. Ziur, barruan duen musulmanekiko gorrotoa lagungarri izan duela erabakia hartzeko orduan. Izan ere, Palestina herrialde musulmana da eta min handia ematen dio bere hiriburu maitea galtzeak. 

Munduak bizkarra ematen dio gertatutakoari, ez dio inori axola, inork ez dio laguntzen babesgabe dagoen herrialdeari. Zergatik? Ez duelako interesgarri suerta daitekeen inolako baliabide ekonomikorik: ez da lur emankorra, ez da aberatsa petrolioan, ez da jendarte aurreratua osasungintzan, ez gizarte modura, ez armamentuari dagokionez. 

Egunetik egunera indibidualistagoa den munduan bizi gara. Alde batetik, ulergarria da; izan ere, globalizazioak aurrera egin arren, munduko demografia gehiegi hazteak eragozten digu harreman zuzena izatea gainerako gizakiekin. Gaitasuna dugu geure buruaz eta gertukoez baino ez arduratzeko.

Jendeak enpatia galdu du, komunikazioa mugatzen da pantaila batetik bestera emotikonoak bidaltzera, eta palestinarraren alde egiten dugun bakarra errukitzea da, batez ere, sionismoak eragiten duen hondakin artetik odoletan ateratzen dituzten umeen argazkiak ikusitakoan. 

Bestalde, badira, oraindik, kausarekin sentsibilizatuta dauden pertsonak. Trumpen erabakiaren aurkako protesta gehienak Palestinatik hurbil dauden herrialdeetan gertatu dira, eta, harrigarria bada ere, Espainian hainbat manifestazio egin dira herrialde horiei eta Palestinari elkartasuna adierazteko: Madrilen, Bartzelonan eta Bilbon, hainbat ekitaldi egin dira egunotan, baina, betiko moduan, ez dute inolako eraginik izan. 

Herrialde libre batean bizi gara, noski! Ustezko adierazpen askatasunez inguratuta, zeina den horren ongi saltzen diguten demokrazia errepresentatiboa bezain erreala. Kexatu zaitez, atera kalera, egin lau oihu eta bueltatu zaitez pozik etxera istiluen kontrako indarrek ez badizkizute lau zartako eman. Horrela otzantzen dira masak Espainian, eta tiroz Palestinan.

Azken egunotan ia ehun pertsona hil dira protestetan. Pozik beharko genuke egon, hemen,behintzat, protesta egiten lagatzen digutelako, baina ni ez nago pozik, zeren eta gure kexak itzulerarik gabeko putzu batean erortzen dira. Ez nago pozik mundua zela antolatzen den ikusita, modernotzat dugu geure burua, baina mundua feudalismora itzularazten gaituen pseudomoralitate batek gidatzen du.  

Palestinak urteak daramatza askatasuna amesten, eta Trumpek erabaki du pixka bat gehiago haserrearaztea, eta oztopatzea Israel eta Palestinaren arteko berradiskidetzea. Bitartean, guk ezin dugu ezer egin, ez bada, eurengatik otoitz eta oihu  egin kaleetan, entzungor egiten diguten gure agintariei. Hala ere, inoiz ez diogu lagako borrokatzeari, gure ahotsak entzuten dituzten arte.  Palestina Libre.