Hogeiren bat euskaltzale batu ziren zapatuan, Euskaraldia: hamaika egun euskaraz ekimena gertuagotik ezagutu eta herrian zela garatu daitekeen aztertzeko.
Arianne Unamunok azaldu zuenez, hizkuntza aktibaziorako ekimenak Lutxo Egiak Bilbon egindako esperimentu sozialean du jatorria. Egiak hogei egunez, Bilbon euskara hutsez bizitzea erabaki zuen, gaztelera ahaztu izan balu bezala. Bizipenak Berriaren blog batean jaso zituen. Handik denbora batera, Donostiako Egia auzoko euskaltzaleek esperientzia horretan inspiraturik ekimen kolektiboa sortu zen hamaika egunez euskaraz bizitzeko helburua hartuta. Erabileran eragin dituen hazkundea ikusita, poliki-poliki beste hainbat herritara zabaldu da ekimena.
2018ko udazkenean gauzatuko da Euskaraldia Soraluzen, Pil-pilean euskaltzaleen elkarteak eta Udalak sustatuta, baina gorpuztu, herritarrek osatutako hainbat lan-taldek gorpuztuko dute. Zapatuko jardunaldietan azpimarratu zenez, herritar horiek askotarikoak izan behar dute adinez, hizkuntza-profilez, jatorriz… Euskaltzaleek garrantzitsutzat jo zuten euskal hiztunen jatorri eta izatezko ugaritasuna islatuko duten pertsona taldeak osatzea.
Komunikazioaren inportantzia ere izan zuten hizpide jardunaldietan. Ezohiko ekimena izanik, ezohiko komunikazioa landu beharra nabarmendu zuten, eta hainbat ideia ere eman zituzten: informatzaileen talde ugaria sortzea, BelarriPrest eta AhoBizi pertsonaiak egin eta kalean erabiltzea (esaterako, pintxo-potean), herriko hormaren batean murala margotzea, hizkuntza-egoeren gaineko esketxak egin eta ikus-entzunezko bidez zabaltzea…
Aktibatu beharreko xede-taldeari dagokionez, bi profil nabarmendu zituzten: gazteak eta euskal hiztun pasiboen multzoa. Izan ere, gazteek dute euskararen ezagutza mailarik altuena, eta, ondorioz, potentzialki hizkuntza ohiturak aldatzeko aukerarik gehiena. Hala ere, kopuru aldetik, 35-50 urte bitarteko adin tartean dago euskal hiztun pasiboen pertsona multzorik handiena. Horiek izan behar lukete, beraz, ekimenaren xede nagusia.
Datozen hilabeteotan, Euskarak 365 Egun taldeak ahalegin betean jardungo du Euskaraldian ahalik eta herritarrik gehienek parte har dezaten, beti ere, herrian euskararen erabilerari bultzada indartsua emateko asmoarekin.