“Hondakinak dira ingurumenaren kutsaduraren arazo nagusietako bat"

Ubane Madera 2017ko abe. 13a, 12:04
Herritarrak hondakinen gaineko batzarrean, atzo, martitzena.

Hiru mezu nagusi helarazi dituzte hondakinak batzeko Soraluzen egingo duten sistema aldaketaren harira: “Hondakinen sorrera eta haien kudeaketa ingurumenarendako arazo handia da”; “ohiturak aldatzea da kontua, besterik ez” eta “inork ez du eskubiderik ingurumena kutsatzeko”. Datu esanguratsu bat ere bada tarteko: Soraluzen bakarrik hondakinen %36,21a batzen da sailkatuta. 

Hondakinak arazo dira gizartearendako aspalditik, sortzen dugun kantitatearengatik eta haien kudeaketak eskatzen duenarengatik. “Ingurumenean kutsadura eragiten duen arazo nagusietako bat dira: negutegi efektuko gasen sorrera dela, lixibatuekin arazoak, lurren kutsadura… Hori abiapuntu, Europak legedia berria atera du, ekonomia zirkularrean oinarrituta, hau da, sortzen ditugun hondakinak birziklatu eta lehengai moduan erabil ditzagun; eta ezarri du 2020rako hondakinen %50 sailkatuta batu behar dugula”.

Hala esplikatu zien Vermican enpresako Zuberoa Jauregik atzo, martitzena, Herriko Antzokian bertaratu ziren herritarrei. Izan ere, Europako eskaera hori betetzeko aldatuko da Soraluzen hondakinak biltzeko orain arteko sistema, eta urte berriarekin batera, edukiontzi berdeak kendu (nahastutako hondakinendako erabiltzen ditugunak) eta grisak ekarriko dituzte.

Edukontzi berdeetan, organiko asko

Kontuan hartuta “hondakin onena sortzen ez dena dela”, hiru premisa nagusi hartu behar dira kontuan, orokorrean: murriztu, berrerabili eta birziklatu. Hori abiapuntu, etxean sortzen ditugun hondakinak sailkatuta bideratu beharko dira aurrerantzean, bai ala bai.

Eta hori hala izan dadin kenduko dituzte edukiontzi berdeak eta grisak ipini. “Europak dio gaika biltzen dugunaren kantitatea eta kalitatea hobetu egin behar direla; eta bide horretan gakoa da materia organikoa ondo sailkatzea (…). Adibide bat: gaur egun edukiontzi berdeetan dauden hondakinak aztertzean, ikusi da horien artetik %47,1a hondakin organikoa dela, beraz hor eragin beharra dago”, jakinarazi zuen Jauregi adituak.

Soraluzen, %36,21

Eta hor eragiteko, besteak beste, soraluzetar guztiek izango dute aurrerantzean edukiontzi marroia erabiltzeko betebeharra. “Inork ez du eskubiderik kutsatzeko; gaizki aparkatzeko, lapurretan egiteko… eskubiderik ez dugun moduan”, ekarri zuen gogora Jauregik.

Datuak ere helarazi zituen hark, bertako egoera zein den ikusi arazteko: Soraluzen gaur egun bakarrik hondakinen %36,21 batzen da sailkatuta, eta adibidez, Debagoienean, %79,64a. Debabarreneko batez bestekoa, berriz, %42,02a da. Beraz, baditugu etxeko-lanak Europak eskatzen duen %50eraino iristeko.

Hala ere, hori ohitura aldaketa kontua besterik ez dela gogora ekarri zuen Zuberoa Jauregik. “Ohiturak aldatzea besterik ez da. Eta poteekin, paperarekin… lortu den moduan, eta beste eskualde batzuetan lortu den moduan, hemen ere lortuko dugu, ikusiko duzue. Sistema berriarekin, herritarrak bide berrira “animatu” nahi ditugu nolabait”, esplikatu zuen.

Trantsizioa beharrezkoa

Batzarrean izan zen Iker Aldazabal alkateak, besteak beste, herritarren komentarioei erantzunez, onartu zuen beharrezkoa izango dela trantsizio garai bat, herritar guztiek ohitura hartu arte. Gaur egun ere zenbait kasutan edukiontziak zuzen erabiltzen ez direla kontuan hartuta, are gehiago. Eta egia dela tranpa egitea posible dela, edukiontzi berriak izanda ere; baina adierazi zuen sinistuta dagoela poliki-poliki herritar gehienek bukatuko dutela sistema berria ondo erabiltzen.  

Garbigunerako zerbitzu nahia

Luze joan zen atzoko batzarra; bertaratu ziren herritarrek hainbat kezka eta zalantza partekatu zituzten. Nora bota laka poteak, pilak batzeko ontzi asko apurtuta daudela… eta besteak beste, garbigunera eraman beharreko gailu txikiak herrian bertan batzeko zerbitzua eskatu zuten, herritar batzuek ez dutelako aukerarik Eibarko edo Elgoibarko garbigunera joateko. Eskaera aztertuko dutela erantzun zuen alkateak.