Hasi dira hondakin organikoak sailkatzeko kit-ak banatzen

Ubane Madera 2017ko abe. 12a, 08:10

Organikoa sailkatuta eramateko kit-ak banatzen, astelehenean.

Atzo, astelehena, hasi ziren Vermican ingurumen aholkularitzako langileak hondakinen bilketa berriarekin lotutako kit-ak banatzen: kuboa, konpostatzeko poltsak, edukiontzia zabaltzeko txartela eta informazio esku-orriak, bestela esanda, organikoa sailkatuta eramateko gailuak banatzen. Gaur, berriz, batzar informatiboa izango da. 

Atzo, astelehena, 11:00etan zabaldu zuten bilketa berriarekin lotutako informazio eta banaketa puntua, eta ordubetean bederatzi herritar pasatu ziren udaletxeko osoko bilkuren aretotik.

%50eko tasa gainditzea

Izen-emate orria bete, txartelak eman eta organikoa sailkatuta bideratzeko beharrezko guztia banatzen dabiltza Vermican enpresako langileak. “Nahi dena da 2020. urterako bilketa selektiboak %50eko tasa gainditzea; besteak beste, Europatik hala eskatu dute, ekonomia zirkularra tarteko; eta Gipuzkoako eskualde askok dagoeneko tasa hori gainditzen dute”, esplikatu du Zuberoa Jauregik, Vermican enpresako langileak.

“Sortzen dugunaren %40 organikoa da. Orain arte kolore askotako edukiontziak izan ditugu: papera batzekoak, beirarako, poteendako… baina ez dugu %50eko tasa gainditu. Beraz, helburu hori lortu nahi badugu, organikoaren sailkapenean eragin beharra dago”, gaineratu du hark.

Batzarra, 18:30ean

Vermican enpresako Zuberoa Jauregi, Adur Campo, Ania Ibarguren eta Tamara Zapiain egongo dira, bada, abenduaren 21era bitartean udaletxeko osoko bilkuren aretoan, kuboak-eta banatzen, informazioa helarazten eta egon litezkeen zalantzak argitzen. Ordutegia, honakoa:  lanegunetan 11:00etatik 20:00ak arte, eta zapatuan, 09:00etatik 14:00ak arte.

Hain justu ere, gaurko batzar informatiboan (18:30ean herriko antzokian) eurak ere izango dira. Edozelan ere, Debabarreneko mankomunitateak eta Soraluzeko Udalak antolatu dute batzar informatibo hori, beharrezko azalpen guztiak emateko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.