“Soraluzeko haur eta gazteek ez dute euskara asko erabiltzen. Eskolan zein kalean ez da euskara asko entzuten eta honek eragin zuzena izan dezake haien hizkuntza-gaitasunean eta, ondorioz, ikasketetan eta eguneroko jardunean. Eskolaren helburu nagusietako bat ikasleek euskara asko erabiltzea da, ezagutza maila ona eskuratzeko beharrezkoa baita, eta helburu hori lortzeko ezinbestekoa da eskola eta gurasoak norabide berean aritzea”.
Bost ordutegi aukeran
Arrazoi horiek emanda gonbidatu dituzte gurasoak abenduaren 14ko ekimenean parte hartzera. Ordu eta erdiko saioak antolatu dituzte, EBETE aholkularitza zerbitzua (euskararen erabilera sustatzeko baliabideak eta tresnak frogatu eta garatzen dituen elkartea) gidari dutela.
Ordutegi aldetik malgutasun handia eskaini dute, 09:15ean hasi eta 19:30ak bitartekoa, gurasoei zein tutoreei saiootan parte hartzeko ahalik eta erraztasunik handienak emate aldera: “Gurasook lanpetuta zabiltzatela jakitun gara eta, horregatik, denok parte hartzeko aukera izan dezazuen, ordutegietan aukera malgua eskaintzeko ahalegina egin dugu. Bost ordutegi desberdin izango ditugu egun berean, guraso denen parte-hartzea errazteko”, esplikatu dute.
Informazio gehiago behar izanez gero, bi bide daude: telefonoz deitu, honako zenbakira: 943 75 30 43 edo mezua idatzi Soraluzeko Euskara Zerbitzura: euskara@soraluze.eus.