Euskaraldia aurkeztuko dute domekan plazan

Egoitz Unamuno 2017ko aza. 29a, 13:31

Abenduaren 3an, Euskararen Egunean, aurkeztuko dute Pilpilean Euskaltzaleen Elkateeak eta Soraluzeko Udalak Euskaraldia: 11 Egun Euskaraz egitasmoa. Hitzordua eguerdiko 13:00etan izango da Plaza Barrixan, eta bertara deitu dituzte herriko euskaltzaleak.

Arianne Unamuno Pil-pileaneko lehendakariaren esanetan, ezohiko ekitaldia izango da aurtengo Euskararen Egunerako prestatu dutena: “ez da azken urteotan egin izan dugun moduko ekitaldi sinbolikoa izango; izan ere, aurtengoa baliatuko dugu herritarren hizkuntza ohituretan eragingo duen ariketa sozial berritzailea aurkezteko”.  Pil-pileaneko ordezkariak azaldu digunez, aurretik metodologia hori ezarri duten herrietan (Egian, Lasarte Orian, Agurainen...) oso emaitza onak izan dituzte, eta euskararen erabilera nabarmen hazi da.

2018ko udazkenean

"Metolodogia horrek balioko du euskaraz egin nahi duten herritarren eta euskaraz entzuteko prestutasuna dutenen arteko harreman linguistikoa bideratzeko, euskararen faboretan", zehaztu du Unamunok. Hainbat herritan probatu eta gero, euskalgintzako hainbat gizarte eragilek eta erakunde publikok erabaki dute herritarren hizkuntza-aktibaziorako egitasmoa elkarrekin bultzatzea. 2018ko udazkenean garatuko da Euskal Herriko 50 herritan baino gehiagotan; besteak beste, Soraluzen.

Jardunaldiak eta 365 lan-taldea 

Abenduaren 3an, aipatu egitasmoa aurkeztuko dute jendaurrean, eta, hortik aurrera, egitasmoa prestatzeko lanei ekingo diete. Abenduaren 16an, Pil-pileanek antolatuta, Batu Sutondora jardunaldiak egingo dituzte, hizpide nagusitzat hizkuntza-aktibazioa eta Euskaraldia hartuta. Gainera, 365 lan-taldea osatzeko pausoak ere emango dituzte. Asmoa da, lan-talde hori, batez ere, euskalzale boluntarioekin osatzea, nahiz eta, aurreikusi duten dinamizatzaile lanak egingo dituen liberatu bat ere izatea.  

 

Erlazionatuak