Matxismoari, homofobiari, beldurrari, desberdintasunari... aurre egin nahia

Ubane Madera 2017ko aza. 26a, 12:44

Beldur Barik lehiaketako irabazleak, Patricia Borinaga zinegotziarekin, sari banaketan.

‘Beldurraren aurka gerra’ izenburuarekin 9 lagunek, Korner Morearekin elkarlanean, egindako ikus-entzunezkoak irabazi du Soraluzeko Beldur Barik lehiaketa. Hain justu ere, bi lan aurkeztu dituzte; eta bigarrenak ere, ‘Zergatik’ izenburua duenak eskuratu du saria. 

12-17 urte bitartekoen mailara aurkeztu zituzten bi lanok. Irabazleak, ‘Beldurraren aurkako gerra’ ikus-entzunezkoak, izenburuak berak adierazten duen moduan, biolentziari, homofobiari, matxismoari, beldurrari, printze urdinei… zela aurre egiten dieten erakusten dute egileek, En gerra kantu indartsuak eta hainbat kirol jarduerek lagunduta.

Egileak, honakoak: June Fernandez, Marina Gil, Miren Alonso, Goizane Plata, Garazi Aizpurua, Ezozi Akizu, Iraultza Ostolaza, Olatz Alberdi eta Miren Josune Astigarraga. Korner Morearekin elkarlanean landu dute ikus-entzunezkoa.

Bozkatzeko aukera

Hain justu ere, orain ikus-entzunezko hori bozkatzeko aukera dago Plaentxia.eus webgunea bera baliatuta (beheko loturan), Soraluzeko Beldur Barik lehiaketan gailenduta, orain lehiaketa orokorrean lehiatuko da-eta. Bihar arte, azaroaren 27ko gauerdira arte dago botoa emateko aukera.  

Bigarren ikus-entzunezkoa, berriz, Markel Oregi gazteak landu du. ‘Zergatik’ izenburuarekin, Oregik galdera berori aireratzen du: ea zergatik emakumezkoek ezin duten gizonezkoen aukera berberak izan, jarduera bera eginda. Kasu honetan ere kirola baliatzen du Oregik emakumezkoen eta gizonezkoen arteko desberdintasuna azaleratzeko. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.