70 lagunek parte hartu dute 24. Karakateko Igoeran eta Iban Muruak erabateko nagusitasuna erakutsi du. Antxitxikari elgoibartarrak aurten ez du beste lasterketarik korritu, baina egundoko sasoi puntuan ailegatu da bere proba kuttunera, eta 26 minutu eta 17 segundoan osatu du Kalegoen plazako frontoiko frontisetik Karakateko tontorrera (742 m) arteko bidea. Hala, 35 segunduan ondu du berak iaz ezarri zuen errekorra. Bidearen zati batean topatu duten bidezidor berri bati esker hamar edo hamabost bat segundoan gutxitu duela denbora aitortu du proba amaitu ostean, eta iazko errekorrari jan dizkion gainerako segunduak bere sasoi puntuari esker murriztu dituela esan du (*ikus Muruaren adierazpenak bideoaren amaieran). Iban Muruak ia lau minutuko aldea atera dio bigarren egin duen Markel Urgoitia otxandioarrari (29:56). Josu Uriarte markinarra sailkatu da hirugarren postuan (30:01).
Emakumezkoetan, lehia estua izan dute Ainhoa Lendinez elgoibartarrak eta Andrea Garay gasteiztarrak. Elkarren segidan ailegatu dira azken metroetara eta bost segundoko aldea atera dio Lendinezek Garay-ri tontorrean, 34 minutu eta 21 segundoko denbora eginda. Parte hartu duten 70 lagunetatik sei ziren emakumeak. Parte hartzaileen erdiak elgoibartarrak izan dira.
Parte hartzaile batek izan ezik gainerako guztiek soken edo egurraren bidea erabili dute igoera egiteko.
Gaur parte hartu ez duten bi lagun ere aipatu behar dira. Proba bost alditan parte hartu duen Iñigo Larizek ezin izan du parte hartu ezkon-bidaian zela-eta; eta, bestetik, Jose Mari Fernandez "Suso"k ere estreinakoz huts egin du aurten, belauneko min bat medio. Aurrez jokatu diren edizio guztietan parte hartu izan du Susok eta zazpi alditan irabazi du proba hau.
Aurpegi onenaren saria Angel Quntanak irabazi du. Probako irabazleei moduan, honi ere Mausitxako gazta eman diote saritzat Morkaikokoek. Azken urteetako joerari eutsiz, lagun asko igo dira oinez Karakateko tontorreraino, eta jendez inguratuta eta animo oihu artean egin dituzte azken metroak antxitxikariek.
Informazio gehiago eta argazkiak: Barren.eus