Abizenak euskalduntzeko gonbita

Ubane Madera 2017ko aza. 13a, 14:02

Abizenak euskal grafiaz idazteko kanpainako kartela.

Kanpaina abiarazi du Soraluzeko Udalak, herritarrak anima daitezen euskal jatorrizko abizenak euskal grafiaz idazteko. Adibidez, Aguirre barik, Agirre izan dadin abizen hori idazteko baliatzen den forma, eta hala jaso dadin dokumentazio ofizial guztietan. Herriko bake epaitegian egin daiteke hori, oso modu errazean.

Abizenak euskal grafiaz leloarekin, euskal jatorrizko abizenak izanik abizenok gazteleraz idazten dituzten herritarrei zuzendutako kanpaina abiarazi du Soraluzeko Udalak; hain justu ere, abizen horiek euskal grafiara alda ditzaten animatzea du helburu kanpaina horrek.

Aurkeztu beharrekoa

Bake epaitegira edo erregistro zibilera joanda egin daiteke hori; asmoaren berri eman eta honako dokumentazioa aurkezteaz batera:

-          Nortasun agiriaren fotokopia eta originala.

-          Hitzez-hitzeko jaiotza-agiria (Bake epaitegian bertan eskatzen da).

-          Udaleko errolda-agiria.

-          Familia liburua (Aldaketa seme-alabentzat eskatzen bada).

-          Seme-alaben NANa eta Errolda agiria (14-18 urte artekoak badira).

Azken horien kasuan, 18 urtetik aurrerako seme-alabek euren kabuz egin beharra dute eskaera.

Adinez nagusiek, euren kabuz

Bestalde, Udalak jakinarazi du aukera dagoela aldaketa adin txikiko seme-alabentzat bakarrik eskatzeko grafia aldaketa, gurasoena aldatu gabe. Edozein modutan, jakinarazi du, baita ere, gurasoak aldaketa eginez gero, berau automatikoki egingo zaiela adin txikiko seme-alabei.

Soraluzeko Udaleko Hizkuntza Politikaren Batzordeak bultzatutako kanpaina da berau, Pil-pilean Euskara Elkartearekin batera.