"Orain zuek Parisen behar duzue urratsa egin"

Ubane Madera 2017ko aza. 8a, 19:09

“Egin dugu urrats bat, egin dugu urrats bi eta gehiago. Orain zuek Parisen behar duzue urratsa egin eta egin behar duzuen urratsa da behin betikoz baztertzea, kentzea presoek jasaten dituzten salbuespeneko neurriak”. Berba horiekin dei egin du Mixel Berhokoirigoienek, Bakegileetako batek, abenduaren 9an Parisen egingo den mobilizazioan parte hartzeko. Soraluzeko Sarek badihardu bertarako azpiegiturak eta laguntza bonoak prestatzen.

Trenez, autobusez, hegazkinez… Medioa edozein dela eta, abenduaren 9an Parisen egin nahi duten euskal presoen aldeko mobilizazioan parte hartzea bultzatzeko eta laguntzeko ekimenak dabiltza antolatzen herriz herri, Bakegileek egindako deialdiarekin bat egiteko. Baita Soraluzen ere.

Hain zuen, atzo, martitzena, egin zuten batzarra Antzokian hainbat herritarrek, Sareko kideek tarteko. Eta jakinarazi zuten, besteak beste, Hendaiatik Parisera joateko bigarren tren bat lortu dela eta bertarako txartel batzuk iritsi direla Soraluzera.

Autobusak bezperan

Gainontzean, gogora ekarri zuten, trenez joan ezean, autobusez bertaratzeko aukera ere badagoela. Kasu horretan, mobilizazioaren bezperan, abenduaren 8an aterako dira autobusak herriz herri. Trena, berriz, egunean bertan, 06:00etan abiatuko da. Eta trena Hendaian hartzeko ere autobusak pasatuko dira herriz herri. Izan ere, mobilizazioa bera 12:00etan hasiko da, Parisen.

Laguntzak izango dira

Horrekin batera, jakinarazi zuten baita ere, laguntza bonoak edo bestelako motako laguntzak ahalbidetuko dituztela, Parisera bertaratzeko txartelak merkeago izanda, herritarrei hara joateko laguntzeko helburuarekin

Datozen egunotan mahai informatiboak ipiniko dituzte udalerrian horren guztiaren berri emateko; eta laguntzak eskuratu ahala, trenen edo autobusen txartelen prezioen gaineko xehetasunak ere joango dira helarazten.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.