"Erritmikoki jotzeko hautua"
Gogoa neukan, ezin uka, burrundararen zorabio leunak sentitzeko. Soinu elektrikoa, zarata apur bat mezua errazago pasatzeko. Kable gehiegi ere ez, ahotsa garden eta nota-pasarte ironikoak indartsu. Erritmikoki jotzeko hautua egin dut, eta baliteke beti soinu txikiarekin ikusi nautenek edo hala ikusi nahi nautenek kopeta zimurtzea. Publiko multzo horri hauxe esango nioke harrokeriaz hanpatuta: Trikitixa jotzen dut gitarra elektrikoarekin.
"Erritmoa, pikardia, dantzagarritasuna"
Boutade bat ematen du, baina azpian egia daukana, soinu txikia posibleen arteko bide bat besterik ez baita trikitixara iristeko. Gitarra hartzen dudanean ez ditut bazterrean uzten erritmoa, pikardia, dantzagarritasuna. Neu naiz nahikoa makina, baina panderoarena egiteko, erritmo makina esaten diogun hori erabili dut. Ez horretarako bakarrik. Zikindu egin ditut, bai, jatorrian melodia gardenak zirenak. Gogor izatetik puntu batzuk beherago hala ere. Patxangari hartutako lotsagabekeria hori, entzuleak berehala interpretatzen duen ironia dakarrena: ahotsa, gitarra eta bateria mezua ahalik txukunen ematen, eta azpitik asmakizun arraio hori musika faltsua zuzenean editatzen, trufagarrizko kontrapuntuan.
“Euforia fisikoa sentitzen dut tresna jotzen”
Musika behar dut, barrena adierazteko modua zait. Izerdia botatzeko premia bezalako bat. Euforia fisikoa sentitzen dut tresna jotzen. Zahartutakoan, herren edo makur edo ahul edo ahotsik gabe, hurbileneko tabernara jaitsi eta biolina jotzen ikusten dut neure burua, eta jendea nirekin batera kantari, dantzan. Edo mutu, geldi, doinuaren liluran.
Ordu asko ematen ditut gitarra lantzen, baina nolako gozamena gasoil usaina badatorrela aditutakoan!