Tapiaren disko berria indargarria eta zela ez, dantzarako gogoa eragiten duena izateaz aparte, duen berezitasun nagusia da trikitia barik edo harekin batera zenbaitetan, gitarra elektrikoa duela doinu-eramale nagusia, Joseba Tapiaren beraren eskutik.
Dibertsioa eta gozamena
Besamotzak diskoaren baitan hamaika kantu grabatu ditu Lasarte-Orioko musika-egileak, eta “ia bere lan guztietako aleak badaude ere, erdia baino gehiago Real politik diskokoak dira. Ondorio argi bat ateratzen da diskoa entzuterakoan: Joseba asko dibertitu da diskoa egiten, gozatu du trikitixarena zen lekua gitarrarekin ordezkatzen eta moldaketa berriak sortzen, erritmo aldaketak asmatzen, sonoritate berriak bilatzen kantuentzat...”, deskribatu dute Tapiaren azken emaitza Gaztelupeko Hotsak diskoetxekoek.
“Trikitixa, gitarra elektrikoarekin”
“Gogoa neukan, ezin uka, burrundararen zorabio leunak sentitzeko. Soinu elektrikoa, zarata apur bat mezua errazago pasatzeko. Kable gehiegi ere ez, ahotsa garden eta nota-pasarte ironikoak indartsu. Erritmikoki jotzeko hautua egin dut, eta baliteke beti soinu txikiarekin ikusi nautenek edo hala ikusi nahi nautenek kopeta zimurtzea. Publiko multzo horri hauxe esango nioke harrokeriaz hanpatuta: Trikitixa jotzen dut gitarra elektrikoarekin. Boutade bat ematen du, baina azpian egia daukana, soinu txikia posibleen arteko bide bat besterik ez baita trikitixara iristeko”, dio, berriz, musikariak berak.
Orain dela urtebete
Ekoizpen lanak Jonan Ordorikaren estudioan egin dituzte. Eta orain dela urtebete sortutako proiektu batetik eratorritakoa da: “Besamotzak taldea. Eszenatokietan aritzeko gogoak bultzaturik, gitarra elektrikoari heldu eta bere bakarkako diskoetako hainbat kantu eder ahaire berriz jantzi zituen beste hiru musikariren laguntzaz: Iker Uriarte(bateria; Betagarri), Iñigo Telletxea(baxua; Anje Duhalde, Xabier Montoia, Borrokan, Petti...) eta Dani Narbarte(eskusoinua; Laiotz). Zuzenekoetan bakarrik aritzeko sortu zen Besamotzak, baina zorionez, taldearekin egindako moldaketa berriak disko batean jasotzea erabaki du Tapiak”, diote Gaztelupeko Hotsak diskoetxetik.