Iñurrieta eta Mugika, plazentziatar azkarrenak

Ubane Madera 2017ko aza. 6a, 15:12

Justu lasterketa nagusia abiatu baino lehen hasi zen euriak bustita irten ziren korrikalariak Etxaburueta kaletik, zapatuan, Soraluze-Bergara lasterketan. Plazentziatarrei dagokienez, Irati Iñurrieta izan zen helmugaratu zen lehen emakumezkoa, eta Anartz Mugika, berriz, lehen gizonezkoa. Alkatearen eskutik jaso zuten garaikurra. 

Azken urtean hil diren Jose Ramon Petreñas atletismoko epaile arrasatearra eta Mikel Crespo mendizale aretxabaletarra gogoan izan zituzten zapatuko lasterketan. Minutu bateko isilunea egin ondoren abiatu zen, hain justu, lasterketa; nagusia, 17:00etan, eta euripean.

Irabazleak

10,5 kilometroko ibilbidea izan zuten aurrez aurre lehiakideek, bi udalerriak lotzen dituen bidegorritik. Eta Aitor Mimentza elorriarra eta Maider Uribe bergararra izan ziren Bergarako San Martin plazako helmugan sartzen lehenak.  

Hori sailkapen orokorrari dagokionez; ze Plazentziako lasterkaririk onenak ere saritu zituzten zapatuko lasterketan. Kasu honetan, Anartz Mugikak eta Irati Iñurrietak jaso zuten garaikurra Iker Aldazabal alkatearen eskutik. 

Argazki galeria ikusgai dago Goiena.eus helbidean klik eginda.