Soraluzeko ospakizunekin eta ohiturekin bat eginez, Plaentxi Eskolan, Haur Hezkuntzatik hasi eta Lehen Hezkuntzako seigarren mailara bitarteko neska-mutiko guztiak Gaztañerre egunaren bueltan murgilduko dira datozen egunotan.
Gelaka eta adinka banatuta, eskolako talde bakoitzak zereginen bat izango du azaroaren 13ra bitartean, orduantxe egingo dute-eta, Gaztañerrekin lotutako ospakizun nagusia, eskolan bertan.
Paperezko zuhaitza
Hain justu ere, batetik, eskolako sarrera apainduko dute paperezko zuhaitz bat baliatuta. Eta Haur Hezkuntzako umetxoak eta Lehen Hezkuntzako lehen mailakoak arduratuko dira berau apaintzeaz. Txikienen lana izango dira hostoak batzea, eta nagusiagoena, berriz, txoriak, perretxikoak, urtxintxak… marratu eta margotzea, gero horiek guztiak zuhaitzaren apaingarri izan daitezen.
Lehen Hezkuntzako bigarren mailakoek, berriz, Gaztañerrekin edo udazkenarekin zerikusia duten hitzak idatziko dituzte hostoetan.
3. eta 4. mailakoei dagokienez, haiek pareatuak egingo dituzte; 5. mailakoek bertsoak eta azkenik, 6. mailakoek eskolakideei esplikatuko diete Gaztañerreren historia, gelaz gela joanda, Gaztañerre egunean bertan, azaroaren 13an.
Ospakizun nagusia
Izan ere, egun horretan, azaroaren 13an egingo dute ospakizun nagusia eskolan: geletan periodikoekin kukurutxoak prestatu, eta 15:15ean irakasle bat pasatuko da gelaz gela trikitia jotzen eta ikasleekin kalejira eginez. Lehen Hezkuntzakoak goiko patiora aterako dira, eta Haur Hezkuntzakoak, berriz, beheko patiora.
Hori horrela, txikienek, Haur Hezkuntzakoek barraskilo lasterketa egingo dute; eta Lehen Hezkuntzakoek, berriz, Gaztañerreko kantuak abestu eta gaztainak jango dituzte.