Gaztañerre azokarako atzera kontaketa

Ubane Madera 2017ko aza. 2a, 12:01

Herritarrak eta saltzaileak, iazko azokan.

Hasi da Gaztañerre azokarako atzera kontaketa. Gaur, eguena, bederatzi egun besterik ez dira falta. Eta dagoeneko egitaraua gertu dago. Azaroaren 8ko talo ikastaroarekin hasi eta azaroaren 13ko txorimalo lehiaketarekin bukatuko dira hitzorduak. Tartean, zela ez, artisauen eta baserritarren azokak eta koadrilen bazkariak izango dira egun handian, azaroaren 11n. 

Azaroaren 8an, 18:30ean izango da talo ikastaroa Lagun Maitea elkartean, Pil-pilean Euskara Elkartearen eskutik. Ikastaroa irekia da; hau da, taloak egiten ikasteko interesa duen edozein bertara daiteke. Edozein modutan, bereziki zuzenduta dago Gaztañerre azokan talo-postuan (10:00etatik 14:00ak arte) egongo direnei. Hori bai, izena Pil-pilean elkartean eman beharra dago aldez aurretik.

Nagusiendako ekimenak

Eguenean eta barikuan, berriz, azaroaren 9an eta 10ean, nagusiei zuzendutako ekimenak izango dira. Hain justu, eguenean, 10:30ean, baserriko gastronomia hitzaldi-tertulia erakustaldia izango dute Eguneko Zentroko erabiltzaileek, eta 17:00etan, egoitzakoek Jose Maria Soroaren kontzertua. Eta barikuan, berriz, Eguneko Zentroan baita ere, talo ikastaroa izango da 10:30ean, eta bingo berezia, berriz, egoitzan.

Egun handia, baina, esandakoa, zapatuan, azaroaren 11n izango da. Eta hortxe batuko dira Gaztañerreri dagozkien ekitaldi gehienak. Hementxe egitaraua, osorik:

XXII. Gaztañerre Azoka

  • 09:00 Azokaren irekiera
  • 10:30 Azokara aittitta-amamak Alkarrirekin
  • 11:15 Txistularien kalejira
  • 12:00 Antzinako zerratokiaren erakustaldia azokan
  • 12:30 Ekitaldia azokan: dantza saioa, omenaldia, sari banaketa eta bertsolariak
  • 13:30 Motozerrarekin egindako egurrezko irudien erakustaldia azokan
  • 15:00 Herri-babajana karpan (Txartelak: Pil-pileanen eta Iratxon)
  • 15:00 Bazkaria Gaztetxean (Txartelak: Gaztelupen, Arranon eta Edurtzan)
  • 19:00 Erromeria Iratzar taldearekin karpan
  • 23:00 Fan&Go eta ondoren DJ C.O.NPOTA 
Erlazionatuak