Txorimalo lehiaketarako izen-ematea zabalik

Ubane Madera 2017ko urr. 27a, 08:10
Iazko txorimalo lehiaketako irabazleak.

Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako neska-mutikoendako txorimalo lehiaketa antolatu dute Gaztañerre egunerako, azaroaren 13rako. Plaza Zaharrean da hitzordua, eta dagoeneko eman daiteke izena. “Denontzat sariak izango dira!” iragarri dute antolatzaileek.

Bi mailatan antolatuko dituzte lehiaketarako taldeak. Batetik Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailetako neska-mutikoak; eta bestetik, Lehen Hezkuntzako 3. mailatik hasi eta 6. mailara bitartekoak. 4-6 laguneko taldeak izango dira.

Hain justu, lehen mailarako izena ematen duten neska-mutikoen arteko taldeak antolatzaileek eurek osatuko dituzte. Eta bigarren mailarako taldeak osatzea, berriz, gazteen esku lagako dute.

Azaroaren 7ra arte

Txorimalo lehiaketa bera azaroaren 13an jokatuko dute, Plaza Zaharrean, 17:00etatik 19:00etara. Txorimaloaren egurrezko oinarria antolatzaileek ipiniko dute; gainontzean, eraman beharrekoa da txorimaloa egiteko birziklatutako materiala (burua, jantziak, apaingarriak, egunkariak…). Behin eginda, txorimalo bakoitzari izena ipini behar zaio. Antolatzaileek iragarri dute parte-hartzaile guztiek izango dutela sariren bat.

Izen-ematea zabalik dago, azaroaren 7ra bitartean. Pil-pileanen eman daiteke izena goizez, ludotekan arratsaldez, eta gaztelekuan barikutan.

Lehiaketaren ondoren, txorimalo erakusketa izango da azaroaren 14tik 18ra bitartean, erakusketa gelan.

Antolatzaileak dira Kukumixo Aisialdi Taldea, Udal Gaztelekua eta Parrandan Udal Ludoteka.