"Hiru urtetik hona demaseko indarra hartu du Animen Gauak"

Ubane Madera 2017ko urr. 31a, 10:05

Lorea Elizburu eta Itziar Agirre, Animen Gauarekin lotutako kalabaza eta bestelakoekin, goizean.

Arratsalde-iluntze partean etxeko txikienek (eta ez horren txikienek ere) beldurra eragiten duen zerbait jantzi eta elkarri sustoak ematen eta gozoki bila jardungo dute herriko kaleetan, saltokietan eta etxeetan. Hiru urtetik hona igoera handia izan du antzina Animen Gaua izenarekin, mozorrotuta eta eskean ibiltzeko ohiturak. Iratxo gozoki-dendan badihardute poltsakada gozoki prestatzen. 

Animen Gaua da gaur, baina gauez baino, hemen arratsaldean hasiko da jaia, ezta?

Bai, bai, bai. Arratsalde-iluntzean, umeek eskolaz kanpoko kontuak bukatzen dituztenean.

Ze mozorro da gehien saldu dena hemen?

Karetak. Kareta mordoa saldu dira. Errazena delako. Jendea ez da konplikatzen. Sorgin-gonak eta karetak, armiarma-sareak… osagaiak, orokorrean. Bakarren batek izango du mozorro osoa, baina gehienek ilunez jantzi, makillajea eta lau osagai ipini, eta listo. Eta arratsaldean eskean irten. Hasieran denok harrapatu gintuzten ezustean, ze uste genuen Halloween zela, Ingalaterrako zerbait… Baina badirudi lehen hemen ere egiten zela halako zerbait, baina galdu egin da, eta nik uste dut errekuperatu dela ingeles akademietan-eskoletan erakutsi dietelako bereziki. Hasieran gutxi batzuk irteten ziren, baina hiru urtetik hona demaseko indarra hartu du!

Ume gehienek jantziko dute zerbait gaur. Animen kontua beti existitu izan da hemen ere, baina galdu egin da.

Iaztik hona igarri duzue handitzen doala gurean ohitura?

Bai. Guk mozorroak ez ditugu sekula izan. Orain arte bakarrik izan dugu margotzeko lau gauza. Baina aurten jendeak eskatu egin digu zerbait eskatzeko, osagarriak edo zerbait, bestela Eibarrera joan behar zutela mozorroak erostera… Eta biltegi batera joan eta ekarri egin genuen. Eta Pil-pileanek ipini zuenean artikulua orain bizpahiru urte esanez hemen ere berreskuratzen zebilela ohitura, ahalegindu garena da hemengo ukitua ematen: esaldia euskaraz…

Eta zenbat gozoki dituzue prest?

Ba oraindik ez dut prestatu, baina poltsa ederra prestatu beharko da!!! Gozoki mordoa ematen ditugu. Kaxa bat prestatuko dugu: gozokiak, gominolak, fruitu siku azaldunak denak ez izateko azukredunak… Piloa.

Baina behin bakarrik eska daiteke, ezta?

Baaaaiiii. Esaten diet: behin. Baina etorriko dira, ahaleginduko dira behin baino gehiagotan etortzen… (Barre)