Animen Gaua da gaur: ‘Xanduli, Manduli… eman gozokiak guri!’

Ubane Madera 2017ko urr. 31a, 08:24

Umeak mozorrotuta Animen Gauean, antzina. Argazkia: Euskal Mitologiaren Ataria

Bihar, azaroaren 1a da, Domu Santu edo Santu Guztien Eguna, hildakoak gogoan izatekoa eta horren bueltan, kanposantura bisita egitekoa. Bada baina, bezperan, Soraluzen, inguruan moduan, geroago eta gehiago hedatzen dabilen ohitura: beldurra eragiten duten mozorroak (mamuenak…) eta bereziki, burezurrak dituztenak soinean jantzi, eta gozokiak eskatzen ibiltzekoa, dendaz denda zein etxez etxe. Animen Gaua da gaurkoa, Gaba Baltza beste leku batzuetan, Halloween du, berriz, izenik ezagunena. 

Askoren ustea da ohitura hori Ameriketatik kopiatutakoa dela. Baina egia esan, bertan zuztarrak izan baditu. “Neguko festen ezaugarri nagusietakoa etxez-etxeko (eta atez-ateko) kuestazio erronda da (edo izan da). Gazte taldeek baserriz-baserri eta etxez-etxeko jira egiten dute, mozorrotuta (inauterietan) edo kantuan (Santa Eskean, Olentzerotan,...) eta jakiak, dirua edo goxokiak biltzen. Europa osoan ospatzen dira mota honetako neguko festak, eta Halloween horixe da funtsean. Eta eskatzeko hamaika formula desberdin erabiltzen dira”, dio Oier Arabaolaza antropologoak. 

Gozokiak eskatzeko

Soraluzeko kasuan, ikusita ohitura indartzen zebilela, eta gozokiak eskatzeko, berez, gaztelaniazko formula erabiltzen zela (Truco o trato), ohituraren euskal jatorria berreskuratu asmoz, honako esaldia esatea eskatzen dute hainbat lekutan, adibidez, Iratxo gozoki-dendan: Xanduli, Manduli, Kikirri!! Eman gozokiak guri!!!

Kalabazetan kandelak

Euskal Mitologiaren Atariak, berriz, kalabazak erabiltzeko ohituraren gaineko azalpena ere ematen du, baita ohituraren jatorriaren gainekoa ere: "Urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen oraindik duela hamarkada batzuk. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan arbi eta kalabaza hsutuetan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske errondak egiten ziren, neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala".

Udaren bukaera

Euskal Mitologiaren Atariak gogora ekartzen duenez, jatorria, berriz, Irlandan aurki dezakegu: "Hilen inguruko ospakizun hauek, gaur egun erlijio katolikoarekin batzen baditugu ere, bere jatorria zeltek ospatutako Samhain jaian du. Jai haren izena antzinako irlanderatik dator eta «udaren bukaera» esan nahi du. Uzta biltzeko sasoiaren amaiera ospatzeko jaia zen, bai eta iluntasunarekin hasten zen zelten urte berriaren ospakizuna ere. Trantsizio jaia da, beraz (urte batetik bestera igarotzeko jaia), bai eta beste mundurako irekiera ere. Hiru mila urtez Europa osoko zelta nazioek ospatu izan dute. Antzinako britoiek ere antzeko jai bat zuten, Calan Gaeaf deitua". 

Antzinako zeltek Samhainaren etorrerarekin mundu honetan eta beste munduaren arteko lotura estutzen zela uste zuten, eta beraz izpiritu on zein txarrek zeharkatzea errazago zuten. Familiaren arbasoak gonbidatzen zituzten eta omentzen zituzten, izpiritu txarrak aldentzen zituzten bitartean. Uste denez, jantzi eta mozorroen erabilera izpiritu txar hauek uxatzeko zen. Helburua izpiritu txar baten itxura hartzea zen eta horrela ez zen minik jasotzen. Eskozian izpirituen ordez zuriz jantzita eta aurpegi belztua zuten gazteak agertzen ziren.

Antzinako Erromak zelten lurraldeak okupatu zituenean, beste askotan gertatzen zen bezala, jaia euren kulturara asimilatu zuten. Berez Erroman urriaren bukaeran eta azaroaren hasieran "uzta jaialdi"ak antolatzen ziren Pomonaren, omenean (fruitu arbolen jainkoa).

Jai paganoak bereganatu

Erlijio katolikoak jai paganoak bereganatzen saiatu zen, eta, San Joan egunarekin eta Gabonekin egin zuen bezala, jai pagano hau Santu Guztien Egunarekin lotu zuen. Gregorio III.nak (731-741) santu guztien omenezko eguna sortu zuen eta Gregorio IV.ak eleiza katoliko guztira zabaldu zuen. Santu Guztien Eguna lehen aldiz 699an ospatu zen, maiatzaren 13an. 835an azaroaren 1era igaro zen, Samhainaren data berdinean, Gregorio IV.aren aginduz". Informazio xehea, esandako moduan, besteak beste, Euskal Mitologiaren Atarian dago jasota.