Zeintzuk dituzu zuzendaritzako kide?
Gorka Zubiaurre da lehendakari-ordea, Javi Isturitz kirol zuzendaria eta Manu Caballero eta Miguel Gil kirol materialaren eta publizitate arduradunak. Beste hiru pertsona ere badaude futbol eskolako koordinatzaile modura: Alex Rodriguez, Ruben Fernandez eta Julio Rascon. Eta bada jendea, lehen ere batzordeko kide-edo izandakoak, orain ere laguntzen.
41. urtea du klubak, zelako osasun egoera du?
Atzera begiratuta, pixkanaka behera doa. Baina aspaldiko egoerarekin konparatuta, berriz, Plazentzia batek maila guztietan taldea izatea gehi futbol eskolan beste lau talde izatea luxua da. Antzina ekipo bakarra, edo asko jota bi zeuden. Orain ditugu zortzi talde maila guztietan. Baina behera doa eta herri txikietako jokalariak behar dira, ze mutikoak lortzea geroago eta zailagoa da. Eta Antzuolan, Bergaran… soberan dituztenekin gabiltza.
Erregional mailako taldea erori egin da?
Bai. Bi ekipo izatea oso zaila zen. Gazteei beste aukera bat emateko sortu zen, baina jokalarien adina gora joan da, ez da apuntatu gazte asko eta bi ekipo sortzeko 45 jokalari inguru behar dira.
Zenbat mutiko dituzue?
130 inguru. Horregatik da zaila kudeaketa. Jende gutxi gaude eta lan handia da.
Borondatezko lana da?
Bai, jendeak pentsa dezake zerbait kobratzen dugula edo beherapenak ditugula edo… eta ez da horrela. Soran gabiltzan boluntarioen %85 gurasoak gara.
Emakumeen parte hartzea zelakoa da?
Soraluzen oso zaila da nesken taldea sortzea. Orain bizpahiru urte egin genuen ahalegina, etorri zen talde bat eskean, baina ez zen nahikoa neska elkartzerik lortu. 10 edo 11 ziren. Baina, adibidez, batzordean Lidia Fernandez dago. Eta futbol eskolan bada jokalari bat. Iaz bi zeuden, baina bat Eibarrera joan da. Eta orain dela zazpi urte-edo egon zen nesken futbol talde bat eta emaitza onak lortu zituen.
Entrenatzaileei dagokienez, zein da egoera?
Bete dugu, baina oso-oso larri. Azken momentuan sortu ditugu bi ekipo: kadeteak eta gazteenak, jendez oso justu. Bergarako klubak lagundu digu. Batean dira 17 jokalari, eta bestean 16 bat. Arriskua hartu dugu. Baina helburua zen taldeak osatzea. Zenbat eta gehiago, hobeto. Eta entrenatzaileekin ere nahikoa lan. Ze gaur egun gehienok egiten dugu lan txandaka, eta lehen pertsona bakarrarekin moldatzen baginen, orain gehiago behar ditugu, txandak direla-eta. Horiek ere, asko dira jokalari ohi izandakoak.
Hortaz, esan daiteke gurasoen eta jokalari ohien inplikazio barik nekez existituko litzatekeela Sorarik?
Duda barik. Bueno, aurten fitxaje nahiko polita egin dugu futbol eskolarako: Mikel Calvo. Eibar taldean ere egiten du lan eta hemen futbol eskolako koordinatzaile ipini dugu.
Eta ekonomikoki, zela dago kluba?
Nahiko ondo gaudela esan daiteke. Ni sartu nintzenetik hona urtero zenbaki positiboak izan ditugu. Lehen gorriak zeuden. Babesleak, Udala, Reala, publizitatea… hortik lortzen dugu.
Instalazioak egokiak dira?
Zelaia ondo dago. Baina aldageletan ez da mantenurik egin. Eta dago dena jausten. Baimena badugu lanak egiteko. Eta ea berehala hasten garen. Nahi dugu urtea amaitu aurretik egin. Orain ezin da aldageletara sartu, eta iaz abiarazi genuen Gabonetako txapelketa egin nahi dugu berriro ere, eta ordurako aldagelak konponduta egotea nahiko genuke. Akaso guk aurreratuko dugu dirua eta gero ordainduko digu Udalak… ez dakigu, baina aurten konpondu nahi ditugu. Iaz teilatua konpondu genuen.
Zeintzuk dira zure helburuak?
Helburu nagusia da mantentzea gure maila naturala: Gorengoen maila (lehenengo Preferentea).
Herrian harrera ona duzue?
Ikusle kopurua jaisten doa, baina herrian laguntzak-eta lortzen dira, eta nahiko ondo.
Baduzue berritasunik?
Mikel Calvoren fitxajea. Eta Gorengoen mailako entrenatzaile aldaketak (Ruben Leonardo, Ermuakoa) ekarriko ditu jokalari aldaketa asko. Recio da bigarren entrenatzaile eta Caballero, delegatua. Bestalde, pentsatzen dut futbol eskolan ordaintzen den kuota altuegia dela, eta sartu nintzenetik jaisten joan naiz. Lehen ordaintzen zen 170 euro, eta aurten 150. Asmoa da gehiago jaistea.
Hizkuntzari dagokionez, klubak hitzarmena sinatu du euskararen erabilera bultzatzeko…
Urtero berritzen dugu hitzarmena. Hango puntuetan zehazten da entrenamenduetan eta partiduetan, infantil mailara arte euskara erabiltzea, eta berorren erabilera bultzatzea; hori egiten dugu. Junta barruan aldatzen gabiltza gauza txikiak: idatziak, fitxak, errifak… elebitan ateratzen dugu. Gauza txikiak egiten, poliki-poliki bagoaz aldatzen.
Ze iritzi duzu futbolaz?
Taldean egiten den kirola da. Eta horren ondorioz, lagunak, koadrilak… sortzen dira. Futbol eskolan ikusten da ze pozik eta ze gustura etortzen diren. Gero, nagusitu ahala, asko aldatzen da. Bakoitzak bere ikasketak, bizitzak… egiten ditu eta egoera asko aldatzen da. Baina gaztetan mutikoak oso gustura ikusten dira.