130 bat jokalarik eman du izena aurten Soraluze Futbol Taldean

Ubane Madera 2017ko urr. 25a, 09:23

Sorako jokalari guztiak, zapatuan, Ezoziko futbol zelaian.

Ahalegin handia egin ondoren eta justu-justu lortu badute ere, Soraluze Futbol Taldeak maila guztietan ekipoak sortzea lortu du. Launa ditu ohiko mailetan eta beste horrenbeste futbol eskolan. 130 bat jokalarik jardungo dute aurten Sorako koloreak defendatzen. Zapatuan aurkeztu zituzten talde guztiak Ezoziko futbol zelaian. 

“Herri txikia izateko maila guztietan ekipoa osatzea asko da”, azpimarratu du Alberto Goenagak, Soraluze Futbol Taldeko presidente berriak. Erregionaleko taldea “jausi” egin den arren, (“bi talde izatean, oso zaila zen hori kudeatzea”) maila guztietan taldeak izateari eman dio garrantzia Goenagak. “Kadete eta jubenil mailetan justu-justu lortu dugu taldeak osatzea. Arriskatu egin gara, ze batean daude 16 jokalari eta bestean, 17. Oso justua da hori, baina lortu dugu. Azken batean helburua da zenbat eta gehiago, hobe”, gaineratu du hark.

Benjaminen bi talde

Hori horrela, zortzi talde osatu dituzte aurten: futbol eskolako benjaminetatik hasi eta gorengo mailako ekipora arte. Hain justu ere, zapatuan aurkeztu zituzten talde eta jokalari guztiak Ezoziko futbol zelaian, partiduen aurretik.