Talde guztiak aurkeztuko ditu Sorak zapatuan

Ubane Madera 2017ko urr. 19a, 10:37
Soraluze Futbol Taldeko jokalariak.

Soraluze Futbol Taldeko lau ekipok partiduak dituzte oraingo asteburuan, zapatuan zein domekan. Zapatuan, gorengo mailako etxeko taldeak Aretxabaletako UDAren kontra jokatuko du, Ezoziko futbol zelaian, 17:00etan. Eta egun bera aprobetxatuko dute etxean Sorako talde guztiak aurkezteko. Hori 16:00etan egingo dute.

Ehun futbol jokalari baino gehiago elkartuko dira zapatuan Ezoziko futbol zelaian, 16:00etan Sorako zortzi taldeak aurkeztu behar dituzte-eta; jakina, guraso eta ikusle ugari ere bertaratuko dira ekitaldira; beraz, hitzordu jendetsua aurreikusten da zapatukoa. Gainera, ondoren, 17:00etan partidua jokatuko du, Soraluzek Aretxabaletako UDAren kontra.

Arrasaten eta Aretxabaletan

Horrez gainera, zapatuan beste bi hitzordu ere baditu Sorak. Kasu horretan, bata Arrasaten eta bestea Aretxabaletan, biak ala biak goizean. 10:00etan hasiko da partidurik goiztiarrena, Mojategin; Arrasate izango du aurrez aurre Sorako kadete mailako ekipoak. Eta 11:30ean, berriz,  Aretxabaletako Ibarran jokatuko dute infantil mailakoek, UDA A ekipoaren kontra.

Domekan, berriz, jubenilek dute hitzordua, etxean, Mondraren kontra. 17:00etan hasiko da partidu hori.