Espainiako estatua “urrutiegi iritsi da”

Ubane Madera 2017ko urr. 17a, 19:37
Herritarrak elkarretaratzean, Plaza Berrian.

“Ideia politikoen eta adierazpen askatasunaren aurka egiten ari da zuzenean Espainiako estatua, botere judizialaren bidez eta etengabeko beldurraren kanpaina eginez. Urrutiegi iritsi da”. Halaxe adierazi dute Plaza Berrian egindako elkarretaratzean, Kataluniako azken gertakariak salatuz.

60 herritar pasa elkartu dira Junts lelopean eta Gu beti Kataluniarekin esaldia zuen pankartaren bueltan, besteak beste, Jordi Sanchez eta Jordi Cuixart ANC eta Omniumeko presidenteak kartzelatu dituztela salatzeko.

Elkarretaratzea egin, eta bukaeran irakurri dute mobilizazioaren deitzaile izan den Gure Esku Dago mugimenduaren oharra.

"Oinarrizko eskubideei bizkarra"

Hain zuzen eta esandakoaz gainera, ohar horren bitartez salatu dute “herritarren oinarrizko eskubideei bizkarra eman eta gizatasunaren muga gainditzeraino” ere iritsi dela Espainiako estatua.

“Eta orain Kataluniako independentziaren aldeko mobilizazioak eta adierazpenak delitu bilakatu nahian dabil. Oso larria da hori. Demokrazia batean aukera guztiek beren tokia izan behar dute eta proiektu politiko guztiek modu baketsuan eta demokratikoan defendatu eta gauzatzeko modua izan behar dute, salbuespenik gabe”, gaineratu dute, besteak beste, Sanchezi zein Cuxiarti babesa eta besarkada beroa helarazteaz batera.

Bertaratutakoen txalo artean bukatu da protesta ekimena.