Mapa Morea lantzeko bigarren saiakera

Erredakzioa 2017ko urr. 10a, 14:00

Atxuriko zubia. Irisgarritasun falta handia du, eskailerengatik. Eta iluna ere bada.

Joan den egueneko hitzordura herritar bakarra azaldu ondoren, gaurko, martitzena, egin dute bigarren deia udalerriko Mapa Morea herritarren parte-hartzearekin osatzen hasteko. Antzokian elkartzeko gonbita egin dute, 18:00etatik 20:00etara. Helburua da genero ikuspegitik herria aztertu eta hobetu beharrekoak adierazi, herritarren partaidetza baliatuta.

“Ez da gauza bera herri baten bizitzea gizon gaztea, homosexuala eta atzerritarra izanda, edo 80 urteko emakumea izanda, bakarrik bizi dena eta ibiltzeko taka-taka batekin mugitzeko beharra duena. Espazioak desberdin biziko dituzte, euren beharrak eta esperientzia desberdinak direlako”.

Balore patriarkalak

“Genero ikuspegia duen hirigintzaren abiapuntua da hirigintza ez dela neutroa, eta gure herri eta auzoak antolatu direla gizarte patriarkalaren baloreak aintzat hartuta; eta espazioen forma fisikoak laguntzen duela balore horiek mantentzen eta errepikatzen. Horren aurrean hirigintza feministak proposatzen duena da pertsonak jartzea hirigintzako erabakien zentroan”.

Halaxe esplikatzen du Col-lectiu Punt.6  Kataluniako elkarteak zer den hirigintza genero ikuspegitik lantzea. Hain justu ere, hamar urte baino gehiago hirigintza ikuspuntu feministatik birpentsatzen diharduen elkarte horren ordezkariek landutako ikus-entzunezkoa zein Bizkaiko Oihane Ruiz arkitekto aktibistarena ipiniko dituzte, besteak beste, gaur Soraluzeko Antzokian egingo den lan saioan.

Plazak, auzoak, parkeak... 

Ikuspuntu eta azalpen horiek guztiak abiapuntu, helburua da Soraluzeren egituraketa ikuspuntu berberetik aztertzea eta hobetu beharrekoak guztien artean proposatzea, gero ahal den neurrian konponbidea emateko.  

Halako lan saioetan aztertzen dira eguneroko bizitzarako erabiltzen diren espazio publikoak: “Plazak, auzoak, erdigunea, kanpoko aldea… eta ez bakarrik espazioen tamaina, baita ere euren artean zela lotzen diren”. Bestela esanda, ea egokiak diren oinez zailtasun barik ibiltzeko edozein adin edo behar duten herritarrendako, edo eskailerak oztopo diren, ikusgarritasun egokirik badagoen, jolas-parkeak egokiak diren… eta beste.