Mapa Morea: eguneroko bizitza zailtzen duten oztopoak identifikatu nahian

Ubane Madera 2017ko urr. 5a, 14:56

Atxuriko zubia.

Emakumeei, eta ondorioz, edozein bizilaguni eguneroko bizitzan segurtasun eza edo zailtasunen bat eragiten dieten herriko guneak identifikatu nahian, Mapa Morea izeneko prozedura abiaraziko dute. Asmoa da oztopo horiei konponbidea ematen ahalegintzea.

Atxuriko zubiko tunel iluna, Calonge kalekoa edo Errabal kaleko espaloi estua (errepidera jaitsi eragiten duena) izan litezke segurtasun falta edo eguneroko bizitza zailago egiten duten “puntu beltz” horietako batzuk. Herritar ahalik eta gehienen artean halako gehiago identifikatzeko batzar irekia deitu du gaurko, eguena, Udaleko Parekidetasun Batzordeak, 18:30ean, antzokian.

Harreman hobeak

“Herriak daude egituratuta jardun jakin batzuetarako, kontuan hartu barik beste asko ere egiten direla. Eta azken horietako asko egiteko zailtasunak edo oztopoak izaten dira egunerokoan: umeak eskolara eramaterako orduan, errekaduak egiteko, kalean ibiltzeko beste barik… Azken batean herrian ibiltzea eta mugitzea zenbat eta errazago eta seguruago izan, herritarren arteko harremanak hobeak izango dira. Eta hori guztia genero ikuspegitik lantzeak badakar bere baitan herritar guztiendako onura”, esplikatu du Patricia Borinagak, Parekidetasun Zerbitzuko zinegotziak.

Behin oztopoak identifikatu ondoren, asmoa da konpontzea. “Batzuetan erraza izango da: argia ipini, zuhaitzen bat moztu… baina beste batzuetan hirigintza lan handiagoak egin beharko dira”, gaineratu du zinegotzi sozialistak.