“Oso ondo joan zen. Jendea ibili zen eta giro ona izan zen. Paellak, adibidez, demaseko arrakasta izan zuen. 470 errazio zeuden eta berehala bukatu ziren. Batzuetan, txartela erosi zutenei dirua bueltatu behar izan genien”; berba horiekin baloratu du Onintza Elgetak, Bizikale elkarteko kideak aurtengo Bizikale Azoka.
Hark gaineratu du, baita ere, dendari-tabernariek “lan handia” hartu zutela egun hori gauzatzeko.
Mus txapelketako irabazleak
Bestalde, azokaz eta pintxo bereziez aparte, mus txapelketa ere jokatu zen zapatuan egun horren bueltan. Sei bikotek eman zuten izena. Eta horien artean gailendu zirenak, honakoak: Jon Herizek eta Jose Ballesterosek osatutako bikotea irabazle izan zen (150 euroko saria eskuratu zuten); eta Inazio Larrañagak eta Alberto Losadak osatutako bikotea izan zen bigarren (100 euroko saria eskuratu zuten).
Iluntzea ere jendetsu
18:00ak aldera bukatu zuten mus txapelketa, justu poniak eta zezentxoak hastear zeudenerako. Azken horiei dagokienez, gazte eta heldu ugari erakarri zituzten Plaza Zaharrera. Eta jakina, gauza bera lortu zuten iluntze partean kalean egokitu ziren txoznek, pintxo bereziekin. Haiei esker, iluntzea ere jendetsua izan zen udalerrian.