400 lagunendako paella errazioak banatuko dituzte, eta txosna ere izango da bertan. Arratsaldean, berriz, mus txapelketa, zezentxoak eta poniak, eta zela ez, tabernari-dendarien artean egindako pintxo bereziak izango dira, 19:00etatik.
"Herri guztia gonbidatzen dugu Bizikale elkarteko egun berezi honetan parte hartzen; eskaintza bereziak egongo dira". Onintza Elgetak, Bizikale elkarteko kideak berba horiekin egin du zapaturako gonbita, berritasunekin datorren azoka berezirakoa, hain zuzen ere.
11 saltoki
Egun osoko egitarau mardula antolatu dute: goizean, honako saltokiek erakutsiko dituzte produktuak: Lilura estetika zentroak, Belarrak loradendak, Txuritxu gozodendak, KLB6 jantzi dendak, Cirado frutategiak, Triskel belar dendak, Loli MGS aseguruek, Mapre aseguruek, Benito altzari dendak, Iratxo gozoki-jolasdendak eta Fanny mertzeriak.
400 lagunendako paella
10:00etarako guztia gertu izango dute, Plaza Zaharraren bueltan. Eta aurten, gainera, saltokiez aparte jan-edana ere izango da bertan. Edariak, Bizikale elkarteko kideek ipiniko duten txosnaren bitartez. Eta jatekoa, berriz, Hernaniko I Love Paella enpresaren eskutik etorriko da.
Hain justu ere, paella erraldoia prestatuko dute haiek, 400 bat lagunendakoa, plazaren erdian. 13:00etarako gertu izango da, eta orduantxe hasiko dira banatzen. Erosketaren bat eginez gero, txartel bat eman eta harekin doan eskuratu ahal izango da errazioa. Bestela, euro baten truke eros daiteke.
Mus txapelketa, zezentxoak...
Arratsaldeari dagokionez, berriz, iaz moduan, aurten ere mus txapelketa izango da. Hasiko dira izenak hartzen “15:30ean, guztia batu eta gero”, Elgetaren esanetan. Izen-ematea da 10 euro pertsonako eta momentuan bertan eman behar da izena, “bikotearekin azaldu eta kito”, esan du dendarien elkarteko kideak. Eta jakinarazi du bi sari izango direla: 150 eurokoa lehena eta 100 eurokoa bigarrena.
18:00etan, berriz, zezentxoak eta poniak izango dira, Bergarako Zezenak enpresatik ekarritakoak, 19:30 ingurura arte, Plaza Zaharrean. Eta 19:00etan tabernak hasiko dira pintxoak prestatzen.
Pintxo bereziak
Kasu horretan, honako tabernek parte hartuko dute: Arranok, Boliak, Txokok, Batzokiak eta Gilak. “Taberna-denda bakoitzak bere pintxo mota berezia eskainiko du, bakoitzak bina. Bertan prestatutakoa, momentuan ateratzen dutena, fresko-freskoa”, azpimarratu du Onintza Elgetak. “Arranok Etxabe harategiarekin prestatuko ditu pintxoak. Boliak ateratzen du Triskelekin. Txokok eta Batzokiak euren artean egiten dute, eta Gilak Juan Mari arraindunarekin”, esplikatu du Elgetak.