Azken hilabeteotan, herriko ehiztari-talde batek eta Udalak (Aldundiaren laguntzarekin) erbiendako gune hesitua prestatzen dihardute mendigainean. Hesitu duten eremua Atxolin inguruan dago, udalaren jabetzako pinadi batean, oinezkoen bidetik aparte samar. 200 m2 inguruko lursaila da, garo eta almitz-belar ugari duena; beraz, leku egokia da erbia ugal dadin, jatekoaz gain, harrapariengandik babesteko erraztasuna ematen baitie basoak.
Datozen asteetan, Aldundiko teknikariek erbiak askatuko dituzte bertan. Askatu eta egun batzuetara, babesgunetik kanpora ateratzen lagako diete, ingurua ezagutzen has daitezen. Gero, behatu egingo dituzte, ingurura zer moduz egokitzen diren ikusteko.
Iñigo Mendiola teknikariak jakinarazi digunez, hogei urte baino gehiago dira Gipuzkoan erbien populazioa berreskuratzeko egitasmoak abiatu zirela eta sistema horrek “oso emaitza onak eman ditu”. Bere ustez, arrakasta lortzeko gakoa herriko ehiztarien, Udalaren eta herritarren arteko elkarlanean dago, “denen artean gunea babestu eta erbiak errespetatzea lortzen badugu, emaitza ona izango da”.
Urte asko herrian desagertu zela
Urte asko dira herrian erbia desagertu zela. Ez dago galdu zireneko data zehatza zein den esaterik baina baserritarren testigantzei jaramon eginda, badakigu gerra ostean, oraindik ere, baserrietan erbiak harrapatzen zituztela, neguan ere bai, dagoeneko debekatuta zegoen arren. Adituek diote, hain zuzen ere, neurrigabeko ehizak desagerrarazi zuela erbia inguruotatik. Zorionez, ale batzuek iraun zuten Urbian eta Aralar inguruetan, eta, orain, berriz herrira ekarriko dituzte, mendigainean ugal daitezen.
Erbiaren ezaugarriak
Erbiak oso azkarrak dira. Erbi batek, beldurtu eta ihesari ekiten dionean har lezake 70 km orduko abiadura eta egin ditzake hiru metro baino gehiagoko jauziak. Gainera, belarrik samurrena jatearren, gauza da gau bakarrean 15 kilometroko bidea egiteko.
Erbiek, untxiek ez bezala, ez dute zulorik egiten kumeak izateko: erbikumeak, jaio orduko, gai dira korrika egin eta euren kasa elikatzeko. Bost hilabeterekin hartzen dute erbi helduaren tamaina, eta, urtebeterekin dira gai ugaltzeko. Ugalketa sasoia uztaila erdi aldera hasten da, eta kumeak abuztu amaiera aldera izaten dituzte, 42 eguneko kumaldiaren ostean. Gehienez ere, hiru kume izaten dituzte.