Noiz hasi ziren erbia birpopulatzeko egitasmoak Gipuzkoan?
Lan honekin hasi ginen 1994an. Badira dagoeneko 20 urte baino gehiago. Ikusita erbia zein egoeretan zegoen, plan bat jarri genuen martxan Gipuzkoan erbia indartzeko.
Erbia desagertzeko arriskuan zegoen?
Bai, erbia ia desagertuta zegoen garai hartan, lehenagotik. Ikerketa bat egin zen 1985ean espezieen egoera zelakoa zen ikusteko: tartean, erbiarena. Ikerketaren arabera, erbiak Aizkorrin, Aralarren eta beste gune jakin batzuetan baino ez ziren gelditzen. Oso egoera larrian zegoen.
Zerk jarri zuen erbia desagertzeko arriskuan?
Garai batean ehizak presio handiegia eragin zuen erbiaren aurka. Asko urritu ziren, eta oso zaila zen errekuperatzea.
Beraz, orain, ehiztarientzako neurriak ere ezarri beharko dira, ezta?
Bai, noski. Plan hauek ehiztariekin batera egiten ditugu beti. Ehiztarien Federazioak plan guztietan parte hartzen du; baita lekuan lekuko ehiztariek ere. Akordio bat egiten dugu ehiztariekin: inguru horretan nahikoa populazio dagoela ikusi arte, ezin da ehizan egin. Horretarako, kontrolak egiten ditugu ehiztariekin batera.
Zela portatzen dira ehiztariak?
Denetik dago, baina emaitzak ikusita, pentsatu behar dugu ehiztari gehienak ondo portatzen direla. Ze, azken urteotan erbia ia Gipuzkoa osora zabaldu da, eta, hori, duela hogei urte, asko esatea zen. Orain, falta da kostaldean ugaritzea.
Zein ezaugarri bete ditu leku batek erbia ugaldu dadin?
Baldintzetako bat da ehiztariak eta udala ados egotea. Ikusi behar dugu interes bat dagoela eta jendea ez dagoela kontra; ostantzean, ez du merezi halako egitasmo bat martxan jartzea. Soraluzeko Mendigaina leku egokia da erbia ugaltzeko: basoa, belardiak, populazio gutxi…
Soraluzeren aurretik non ezarri dituzue antzeko egitasmoak?
Guztira, Gipuzkoako hamalau tokitan askatu ditugu erbiak. Hasi ginen Pagoeta inguruan, Aiako Harrietan… Hortik joan gara hainbat lekutara zabaltzen: Erniora, Izarraitzera … Iaz Elosu aldean hasi ginen, eta iruditu zitzaigun egokia Soraluze aldera ere zabaltzea, mendikate guzti horretan erbia sartu eta indartu dadin.
Zer sistema erabiltzen duzue birpopulatzeko egitasmoetan?
Erbiak Altsasuko haztegitik ekartzen ditugu. Haztegitik zuzenean mendian askatu beharrean, itxitura batean sartzen ditugu, bertako klimara egokitu daitezen, eta haztegiko janariarekin batera, ingurukoa ere jan dezaten. Egun batzuen buruan, itxitura zabaltzen diegu, kanpora eta barrura nahieran ibil daitezen.
Zabaltzen duzuen erbi-mota, lehen hemen zegoen bera da?
Bai, erbi europarra da. Urte hauetan, Altsasuko haztegian lan handia egin dute. Bertako erbiak hartu zituzten mendian eta haztegira ohitu zituzten, bertan ugal zitezen. Eta hori, oso lan zaila da.
Ez dago konejuak bezala plaga bihurtzeko arriskurik?
Ez, horrelakorik ez da gertatuko. Erbia ugaltzea oso zaila da, denbora asko behar izaten dute. Oso garestiak dira.
Zenbateko kostua izango du egitasmoak?
Datozen urteetan libratzen dugun erbi kopuruaren araberakoa. Oraingoz, ezin dugu zehaztu egitasmoak zein kostu izango duen, baina esan dezakegu garestia dela.
Zein mezu helaraziko zenieke herritarrei?
Guneak errespetatzen baldin badira, emaitzak oso onak izango dira. Nik herritarrei eta ehiztariei eskatuko nieke laguntzeko guneak zaintzen. Aukera paregabea dugu inguruotan aspaldi galdu zen espezie bat berreskuratzeko.