Plazentziatarren boxeo-jaia Miribillan

Egoitz Unamuno 2017ko eka. 19a, 14:00

Julenek ezin izan zuen garaipenik lortu, baina bere borrokatzeko moduak ikusmin handia piztu zuen ikusleen artean. Ixak irabazi egin zuen itzulerako bigarren borrokaldia. Argazkiak: Fernan Oregi.   

Barixakuan, autobusa bete zale joan zen herritik Bilbora; arrazoia, bikoitza: Soraboxeko ikaslea eta maisua jaialdi berean borrokan ikustea.

Gogotsu atera zen Julen Miribillako ring-era; aurrean, Izotz Orue bizkaitarra, honek ere hamasei urte, eta bere lehen borrokaldia lehia ofizialean. Gogor ekin zioten biek, goitik eta behetik, aurkariaren ahulguneak bilatu nahian. Borrokaldiak aurrera egin ahala, indarrez eta teknikaz, pare samarrean izan ziren biak. Gallastegik golpe ikusgarriak tiratu zizkion Orueri; baina, honek eutsi egin zion, eta, azkenean, epaileek bizkaitarrari eman zioten garaipena. Julenek, kiroltasun osoz onartu zuen porrota, eta, aurreratzean, are ilusio handiagoarekin entrenatzeko asmoa azaldu zuen.  

Ixa Rodriguezek Minerva Gutierrez asturiarra izan zuen aurkari. Rodriguezek, ohikoa duen moduan, zuen guztia eman zuen, eta etenik barik erasotu zuen aurkaria. Borrokaldi gogorra izan zen; parekatua, baina, azkenean, epaileek berari eman zioten garaipena. 

Luze jo zuen Miribillako jaialdiak, eta ordubiak jo zuten Soraboxeko zaleak etxeratu zirenerako; gustora, hala ere, maisua eta ikaslea borroka betean ikusi izanaren pozarekin etxeratu ziren eta.