Herriko hainbat musikagilek eta Udalak antolatuta, aurten hainbat ekimen antolatu dituzte Ascensio Gurrutxaga zenaren musika ondarea ezagutarazteko. Zapatura arte, Ascensioren argazki eta partiturekin osatutako erakusketa dago ikusgai kiroldegian. Zapatuan, ekitaldi nagusia egingo da elizan. Ezoziko Ama abesbatzak, hainbat belaunalditako txistulariek eta Iñigo Alberdi organojoleak Gurrutxagaren omenezko kontzertua eskainiko dute arratsaldeko 20:00etan. Sarrera debaldekoa izango da.
Merezitako omenaldia
Alberdiren esanetan “Aszensiok laga zuen ondarea Elizaren inguruan mendetan zehar sortu izan den ondare musikalaren parte bat da, eta ondare horrek balore handia du.” Domentx Uzinek goraipatu du Ascensiok herrian egin zuen lana, “maila handiko musikaria zen, eta lan handia egin zuen herrian; bandari, txistulariei, abesbatzari lagundu zien. Azkenean, merezi duen mailako omenaldia egingo diogu”.
Ondarea udal-artxiboan
Urte hasieran, Iñigo Alberdi musikariak dohaintzan eman zizkion Soraluzeko Udalari, bere garaian, Ascensiok berak eskura entregatu zizkion materialak eta Udalak bere gain hartu zuen jasotako materiala katalogatu eta artxibatzeko lana. Hilabeteotan, Domentx Uzin musikariak eta Amaia Aldai artxiboko arduradunak material hori guztia sailkatu eta antolatu dute udal-artxiboan, guztira, 300 dokumentu inguru. Tartean, badira, abesbatza, banda eta organorako egindako arregloak, baita berak sortutako doinuen partiturak ere.
Ascensioren artxiboarekin batera, bere aurretik herriko organojole izan zen Modesto Amuchasteguiren artxiboko dokumentuak ere antolatu dituzte, Pablo Arruabarrena organojoleak dohaintzan eman ostean.
Biografia laburra
Ascensio Gurrutxaga (1918-2001)
Ascensio Gurrutxaga Azpeitiko Nuarbe auzoan jaio zen. Hamairu urte zituela, aitak Azpeitiko parrokiara bidali zuen, solfeoa, pianoa eta organoa jotzen ikas zezan. 1935ean, 17 urterekin, Bilbora joan zen, organoa jo eta solfeoa irakastera. 1940an, 22 urterekin, apaiz izateko ikasketak hasi zituen Gasteizen. 1951n apaiz izendatu zuten eta Soraluzera bidali zuten. Parrokiko organista izan zen eta musika arloan laguntza handia eskaini zien soraluzetarrei. 2001ean hil zen, gaixotasun luze baten ostean.