“Ascensio zen herrian musikaz gehien zekiena, eta denek berarengana jotzen zuten laguntza eske” Domentx Uzin

Egoitz Unamuno 2017ko eka. 14a, 09:35

Domentx eta Amaia udal-artxiboan.

Azken hilabeteotan, Domentx Uzin musikariak eta Amaia Aldai udal-artxiboko arduradunak, Ascensiok lagatako dokumentuak katalogatzeko lanean jardun dute. Dagoeneko amaitu dituzte lanak eta dokumentazio guztia gordeta dago udal-artxiboan.

Zein lan egin duzue?

Guztira 300 dokumentu baino gehiago ordenatu ditugu: izenburuak ipini, zeinena den zehaztu…  Uste baino lan handiagoa izan da, baina amaitu dugu azkenean, eta, orain, Ascensioren eta Modestoren fondoak eskuragai daude udal-artxiboan.

Zer aurkitu duzue artxiboan?

Bere historia musikala, eta, azken batean, joan den mendeko Soraluzeko banda sonoroa. Banda, txistua, soinua, elizako kantuak, solfeoa…  Musika erlijiosoa da gehiena, baina badira organorako musika klasikoa eta gauza modernoak ere; fadoren bat barne.  Baita berak sortutako zenbait kanturen partiturak ere.

Zein dira kantu horiek?

Ezoziko Amaren ereserki bat, Santa Barbararen omenezko kantua (Kañoi fabrikako patroia)… Ez dira asko. Gehiago dira banda, txistu, abesbatza eta organorako moldaketak. Berak urte askoan elizako organoa jo zuen eta mezetan edo komunioan, bere gustuko piezak jotzen zituen. 

Herriko musikariekin harreman handia zuen?

Handia. Jende askori lagundu zion: abesbatzari sorreran, Blues Bells taldeari, txistulariekin eta bandarekin ere harreman handia zuen…  Bera zen herrian musikaz gehiena zekiena eta denek berari galdetzen zioten, edo aholkua eskatzen. Esaterako, txistuarekin jotzeko, momentuan eta buruz teklatuan tonua aldatzeko gai zen. Gainerako guztiengandik argi urte askotara zegoen.

Zela lortu zuen Ascensiok halako maila?

Hamairu urte zituenetik jaso zituen musika eskolak. Gasteizko seminarioan ikasi zuen, eta han oso giro musikal potentea zegoen.  Oso maila altuko piezak lantzen zituzten.

Esaterako, bere paperen artean azaldu dira Francisco Escudero konpositore eta maisu handiak egindako oharrak. Armonia ikasi zuen berarekin, korrespondentziaz. Escuderok zoriontzen zuen bere lanengatik eta animatzen zuen armoniako ikasketa ofizialak egitera. Pentsa zelako maila izango Nuarbeko mutil gazteak...  Baina berak herri txiki batean gelditzea erabaki zuen, arrazoia, ez dakigu.

Herrian ez zen behar beste baloratu bere lana. Gehienak ez ziren konturatu abade hark zelako gaitasuna zuen.

Horregatik erabaki duzue omenaldia egitea?

Bai, bere figura baloratu dadin eta ez dadin ahaztu. Azkenean, merezi zuen moduko omenaldi musikala egingo zaio.

Ascensiorekin zerikusia duten piezak izango dira, berak jotakoak, edo berak sortutakoak: Ezoziko Ama, Santa Ageda… Azken hau Imanol Lopez txistulariak moldatu du abesbatzak lau ahotsetara kantatu dezan. Pablo Sorozabalen Gernika ere joko dugu.

Zuk ezagutu zenuen?

Ba gutxi, akordua daukat gaztetan organoa joten ikusi izana. Gaztetxoak ginenean Korura etortzen zen guri erakustera, baina gu barrezka-eta ibiltzen ginen, eta, azkenean, etortzeari laga zion.