“EH Bilduren prozesu eratzaileak balio behar du gure proiektura jende gehiago erakartzeko” Maddalen Iriarte

Egoitz Unamuno 2017ko eka. 5a, 10:53
Maddalen Iriarte pasarte bat irakurtzen, Joxe Azurmendiren "Espainolak eta euskaldunak" liburutik.

Joan zen egunean, Maddalen Iriartek eta Unai Larreategik EH Bilduren prozesu eratzailearen gaineko argibideak eman zituzten Antzokian. 

Egueneko foroak ordubete inguru iraun zuen, eta berrogeiren bat lagunek parte hartu zuten bertan. Maddalen Iriartek hartu zuen hitza, eta, lehenik, EH Bilduren sorreratik gaur egunera arteko ibilbidearen errepaso bat egin zuen, ondoren prozesu eratzailearen inguruan jarduteko: “lehenago EH Bildura inguratu ez direnak erakarri behar ditugu, eta baditugu horretarako aukera eta gaitasuna. Organizazio gardenago bat, demokratikoago bat, indartsuago bat, behar dugu, autokritikari beldurrik izango ez diona, eta egindakoagatik poztu eta besarkatuko dena. Subjektu politiko indartsuago bat osatu behar dugu; zertarako?, hauteskundeak irabazteko eta herri honetako jendeari hobeto bizi izateko aukera emateko”.

Unai Larreategik EH Bilduren egitura eraldatzeko proposamenaren berri eman zuen: “baloratzen dugu EH Bilduren antolaketa modua hobetu daitekeela. Orain arte EH Bildu alderdien koalizio bat izan da, eta erabakiak alderdien artean hartzen ziren. Proposatzen dugu, erabakiak hartzeko egitura eraginkorrago bat, bere barne organoekin, militanteek jakin dezaten noiz eta nola eman ahalko duten euren iritzia- Alderdiek zeresana izaten jarraituko dute, baina militante bakoitzak bozkatzeko aukera izango du. Hemendik aurrera bi giltza izango dira: alderdiak eta militanteak. Sinpleagoa baino, egitura konplexuago bat egitera goaz”.

Ekainaren 17an, EH Bilduren kongresua egingo du Bilbon, eta bertan burutuko dute birfundazio prozesua.  Kongresuko prozesuan parte hartzeko izena eman daiteke, Kongresua.ehbildu.eus-en.