Zibismoaren ordenantza onartu du udalbatzarrak, adostasunik barik bada ere

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 12a, 23:52

Udal Gobernuaren aldeko bozkekin onartu zen eguazteneko udalbatzarrean, Zibismoaren udal-ordenantza berria. Dokumentu horretan daude zehaztuta herritarrek, eragileek eta udalak berak bete beharreko arauak, eta, bete ezean, ezarriko zaizkien isunak. EH Bilduk aurka bozkatu zuen, eta salatu du zenbait arauk herritarren adierazpen askatasuna mugatzen dutela.

Udal Gobernuak azken hilabeteotan landu duen ordenantza onartu zuen eguazteneko udalbatzarrera. Gobernua osatzen duten EAJk eta PSE-EEk, duten gehiengoa baliatuz, arau eta isun zerrenda jasotzen duen ordenantza onartu zuten, oposizioko alderdiaren, EH Bilduren, aurkako botuekin.

Iñaki Rubiok, Herri lan eta mantenimendu batzordeko buruak aurkeztu zuen ordenantza udalbatzarreko bozketan, eta, adierazi zuen, azken hilabeteotan egin dituzten saioetan landu duten dokumentua aurkeztu dutela udalbatzarrean. Unai Larreategik, EH Bildu koalizioaren izenean, ordenantzaren aurka bozkatzeko izan dituen arrazoien berri eman zuen. Ordenantza onartzeko prozeduran herritarrek izan duten parte hartze txikia azpimarratu zuen lehenik, salatuz, Udal Gobernuak ez duela lortu halako ordenantza bat onartzeko behar litzatekeen “gutxieneko” parte hartzerik.

Ordenantzaren edukiari dagokionez, EH Bilduk onargarriak iruditu ez zaizkion hiru puntu azpimarratu zituen: batetik, arau hausteak zigortzearekin batera sentsibilizio ekimenik ez aurreikusteak egitasmoa “hankamotz” lagatzen duela salatu zuen EH Bilduk; bestetik, ordenantzan jasotzen diren hainbat neurrik herritarren adierazpen askatasuna urratzen dutela iritzi dio, esaterako,  pankarta jartzeko baimena eskatzerakoan izen-abizenak eman beharrak; eta hirugarrenik, Udalak bere buruari ezarritako betebeharren betetze-mailari jarraipenik egiteko modurik ezarri ez izana kritikatu zuen, adibidetzat produktu toxikoen erabilera aipatuz, falta larri moduan kontsideratuta egon arren, Udalak ohikotasunez erabiltzen dituela leporatuz.

Horrekin batera, Unai Larreategik “sozialki eztabaidagarriak” iruditu zaizkien hainbat puntu ere aipatu zituen: zaborrontzietan arakatzea, kalean eskean jardutea eta kaleko salmenta debekatzen eta zigortzen duten puntuei dagozkienak.   

Azkenik, EH Bilduk azpimarratu zuen eurak ere herria txukun izatearen aldekoak direla, baina ikuspuntu desberdina dutela, eta euren ustez, ordenantza hori ez dela jarraitu beharreko bidea.  

Gainerako puntuak

Udalbatzarrean landu ziren gainerako puntu guztiak aho batez onartu ziren. Horien artean:  ahultasun ekonomikoa eta bazterketa sozialerako arrisku egoeran dauden familientzako laguntza ekonomikoak arautzen dituzten oinarriak; SEUR Fundazioarekin lankidetza hitzarmena, plastikozko tapoiak bildu eta birziklatzeko; Aldundiak herritarren partaidetzarako bultzatu duen erakunde arteko espaziora atxikitzea; eta uztailaren 26a herriko jai egun izendatzea.  

Erlazionatuak