Udal Gobernuaren idatzia EH Bilduri erantzunez

Erredakzioa 2017ko mai. 12a, 23:54

Lerro hauen bitartez, atzo jorraturiko Zibismo ordenantzari dagokionean, Udal Gobernuak, EH BILDUk mahai gaineraturiko azalpenei dagokionean, gure eritzia zein den jakinarazi nahi dizuegu. 

Hiru dira EH BILDUk mahai gaineraturiko arrazoiak:

1- Jokabide hezigabeak aldatzeko soilik isunak planteatzen dituzue.

 Ordenantzaren artikuluetan azaltzen diren jobabideak edozein herritarrek ongi baino hobeto ezagutzen ditu, eta, jakin badakite, ezin direla burutu. Urteetan, hainbat sentsibilizazio kanpaina egin dira, bai Mankomunitateak zaborrei dagokionean, Udalak prentsa oharrak kaleratu ditu jokabide hezigabeak salatuz, triptikoak argitaratu dira txakur gorotzei dagokionean,  jabeei eskutitzak bidali zaizkie arazoari aurre egiteko (gorotzak eta txakur solteak) etab.

Gure ustetan, zentzu amankomuneko neurriak aipatzen dira, eta, hauek bete ezean, ba, zoritxarrez, isuna ezarri behar da.

2- Udal ardurak zehazten dira baina hauentzat ez dago ez segimendu ez ‘isun’ proposamenik.

Ez da lehen aldia ordenantzak jorratu ditugula eta ez dugu inon ikusi Udal ardurentzat, “isun” proposamenik. Komentatzen dute “ondo legokeela udalak erantzunkizunez jokatzea, eta bere buruaren lana epaitzeko neurriak ezartzea”. Hau horrela ikusten badute, zergaitik ez dute ekarpen zehatzik egin?  Lau bilera egin dira, eta lehenengora eta azkenengora etorri dira soilik EHBILDUko ordezkariak.

3- Adierazpen askatasuna ezbaian.

Argi utzi nahi dugu Udal Gobernu honek ez duela inondik inora adierazpen askatasuna azbaian jartzen. Hau esanda, gure asmoa ekintza hauek erregulatzea da. Edozein herritarrek baimena eskatzen du zerbait behar duenean Udalaren aldetik, edo zerbait egin behar duenean (obra baimenen kasuan adibidez). Beraz, gune publikoetan kartel, banderola, mural  eta pankartak ipintzerakoan ere, berdin. Baimena eskatu, non ipini behar den zehaztu, eta denbora batera erretiratu.

Ez dugu uste honek Adierazpen askatasuna ezbaian ipintzen duenik.

Azkenik, aipatzea nahi dugu, Ordenantza honen onarpena Udal Gobernuak herri mailan herria txukun mantentzeko erabiliko duen beste tresna bat dela. Oinarria, Donostiako Zibismo ordenantzan dauka, kasuistika gehien jasotzen zuelako. Donostiako Udalean, bai PSE-EEk, EHBILDUk, eta, orain, EAJk gobernatzen dute, eta denek aplikatu eta indarrean mantendu dute ordenentza hau.

Orain onarturikoa indarrean jartzea eta aplikatzea tokatzen zaigu.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.