Garaipenik gabeko asteburua Sorako taldeentzat

Oier Ariznabarreta 2017ko mai. 9a, 12:07

Jokoan ezer ez izateak lasaitasun puntu bat eman zien Soraluzeko taldeei, eta ez ziren gai izan hiru puntuak lortzeko. Jubenilek berdinketa lortu zuten etxean; Sora "A" eta Sora "B"k, berriz, ezin izan zuten punturik eskuratu eta lehen bezala gelditu dira sailkapenean.

Lehenengo erregional maila KOPA

TALDEAK: Zestoa 2-1 Soraluze"B"

GOLAK: Haritz Aramberri

Sora "B"K Zestoan jokatu zuen zapatu arratsaldean. Nahi eta ezinean aritu ziren partidu osoan zehar. Ordu erdia betetzear zela, etxekoek faltaz egin zuten 1-0ekoa. Erreakzionatzeko denborarik gabe, geldikako beste jokaldi batean, aldaratzea jaso eta 2-0koa jarri zuten markagailuan. Bigarren zatia hasi eta berehala, Haritzek 2-1ekoa egin zuen Egoitzen pase bat aprobetxatuz. Gogor saiatu ziren arren, horrela amaitu zen partidua, eta, orain, final laurdenetako aurkariaren zain daude.

Gorengoen erregional maila

TALDEAK: Soraluze"A" 1-3 Idiazabal

GOLAK: Jon Laskurain

Sora "A"k porrot mingarria jaso zuen etxean. Hasieratik izan ziren gehiago Idiazabaleko mutilak, eta 0-1ekoarekin joan ziren aldageletara. Bigarren zatia hasi eta berehala izugarrizko gola sartu zuten areaz kanpotik. Nahikoa ez, eta hirugarren golarekin batera jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren Peleren mutilak. Laskuk egin zuen etxekoen gol bakarra. Amaierara arte erakutsi zuten soraluzetarrek borrokarako grina, baina, partidua 1-3 amaitu zen.

Jubenilen lehenengo maila KOPA

TALDEAK: Soraluze 3-3 Aloña Mendi

GOLAK: Moha, Mauri eta Iban Orive 

Jubenilen taldeari maldan gora jarri zitzaion partidua hasieratik, 0-2 galtzen hasi baitziren. Hala ere, gogor saiatu ziren eta markagailuari buelta ematea lortu zuten hiru gol sartuta. Azkenean, oñatiarrek berdinketa lortu zuten eta 3-3koarekin denboraldiari amaiera eman zioten.