HERRI-GALDEKETA

"Herritarrok herrian antolatuko dugun lehenengo kontsulta izango da" Xabier Alberdi

Egoitz Unamuno 2017ko mai. 2a, 18:33

Galdeketaren ingurukoak komentatu ditugu Gure Esku Dagoko bi kideokin.

Zerk motibatu zintuzten Gure Esku Dagon parte hartzera?

Maite: Ideologien gainetik dagoen ekimen bat izateak, herritik sortua. Gainerakoan, uste dut, denok gaudela nazkatu samartuta betiko liskar politikoekin.

Xabier: Esango nuke Katalunian gertatu zenaren antzeko zeozer ari dela gertatzen hemen ere, herritarrak politikarien aurretik doazela. Europan ari da gertatzen: Katalunian, Eskozian, Ingalaterran… XXI. mendean gaude, erabakiaren aroan.

Nik uste dut erabakitzeko eskubidearen aldeko jarrerak unibertsala izan beharko lukeela, giza eskubidea. Gizarte hau zabala eta demokratiboa bada, ate horrek zabalik egon beharko luke.

Zergatik erabakitzeko grina hori?

X.: Ez da oraingo kontua, ezta orain dela ehun edo berrehun urtekoa ere, zaharragoa da. Euskal komunitatea ez da inoiz komunitate arrunt bat izan. Mendez mende ikusten da badagoela gizartearen parte bat bere herri-izaera errebindikatu duena. Iruditzen zait herritarrak mugitzea gizarte bat bizirik dagoenaren seinalea dela. Politikariak hor daude, baina politika ez da euren kontua bakarrik.

M.: Hemen nortasun eta identitate nahi hori beti egon da, eta garai bakoitzean modu batera edo bestera azaleratu da. Orain herritarrok hartu dugu lekukoa eta politikariei dagokie herritarrei begira jartzea. 

Uste duzue diskurtso hori iristen dela abertzaleengandik haratago?

X.: Ez dakit. Taldean ikuspegi politiko ezberdineko jendeak parte hartzen dugu, baina nik faltan botatzen ditut ikuspegi sozialista daukaten pertsonak. Beharbada gure aldetik ere ahalegin gehiago egin beharko genuke. Gure lanak hori izan behar luke, bestelako jendea erakartzeko lan egitea. 

Norbaitek esan zera lezake: ETA amaitu dela eta orain zertarako nahastu bazterrak?

X.: Katalunian eta Eskozian ez da indarkeriarik izan eta bertako herritarrek erabaki dute erabakitzeko prozesua martxan jartzea. Gainera, nik uste orain arte egin duguna, horrenbeste jai eta ekimen, gustora hartu dituela jendeak eta pauso bat izan direla elkarbizitza lantzeko.

M.: Bai, gizartean egon diren barrera batzuek apurtzen lagundu du, jendearen arteko kohesioa lantzen.

Zer esango zeniokete hau independentziarako estrategia dela dioenari?

X.: Nire ustez desestabilizaziorako beldurrak eragindako ikuspuntua da, baina konturatu behar lukete hemengo errealitatea ez dela Extremadurakoa edo Gaztela Leongoa. Hemengo ikuspegia dutenek baloratu behar lukete hori. Kontua da horrek bizi-estilo edo oinarri batzuk aldatzea eskatzen diela, eta hori ez da erreza. Ni Fair play hori onartzeko prest nago, zu zergatik ez?

M.: Zeozergatik dago ikuspegi hori hemen. Badugulako gure kultura, hizkuntza, identitatea…

Beste batzuek esango dute parte hartzea oso baxua izaten ari dela?

X.: Bai, eta batzuendako hau dena pantomima bat izango da, baina kontuan hartzen badugu normalean %40ko abstentzioa izaten dela, %20-30eko parte hartzea ez da hain baxua.

M.: Pentsa hauteskundeetan zelako propaganda egiten den. Guk ez daukagu halako baliabiderik.

Busti zaitezte. Zenbateko parte hartzea espero duzue herrian?

M.: %30.

X.: Nik %30etik gora (barreak).

Zein mezu bidaliko zeniokete jendeari parte har dezan?

X.: Nik batez ere gazteak animatuko nituzke parte hartzera. Azken batean, herritarrok antolatuko dugun lehenengo kontsulta izango da herrian.

M.: Politikariak egun baten bozkatzen ditugun ordezkariak dira, baina halako erabakietan herritarrei dagokie berba egitea.

Etorkizunean zer?

X.: Bada, jarraitu egin beharko diogu galdeketa loteslea lortu arte.

M.: Politikariek ikusten badute parte hartze handia lortzen dela, mugitu beharko dute.