Maiatzaren 7an, Debabarreneko bost herritan eta auzo elkarte batean (Itziarren) antolatuko dituzte herri-galdeketak. Bertan, 16 urteko 47.152 debabarrendarrek izango dute bozka emateko aukera; tartean, soraluzetarrak: 3.331.
Era berean jakinarazidute aurreko hilabeteotan galdeketa babesteko egindako kanpainan, 6.011 sinadura jaso dituztela; bozka emateko aukera izango duten herritarren %12a. Azpimarratu dutenez, kopuru hori hasieran jarritako helburuaren bikoitza izan da. Soraluzen 622 sinadura jaso dituzte, erroldatutako 16 urtetik gorako herritarren %18a.
Galderari dagokionez, herri bakoitzak adostu du berea:
Eibar: Euskal errepublika bateko herritarra izan nahi duzu?
Elgoibar eta Deba: 1.- Nahi al duzu gaur egungo estatus politikoa aldatzea? 2.- Nahi al duzu euskal estatu independentea?
Soraluze eta Mutriku: Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?
Itziar: Euskal Herri independente bat nahi duzu?
Parte hartzeko deia
Debabarreneko herrietako ordezkariek galdeketan parte hartzera deitu dituzte herritarrak: "Herritar guztiek jakin behar dute gure ekimena guztiontzat zabalik dagoela. Denon beharra dugula, eta inor ez dagoela soberan. Elkarrekin, eta partehartzearen bidez, ametsa egia bihur dezakegu, eta herri honen etorkizuna guztion iritziak kontuan hartuta eraiki. Eta horretarako partehartzea da gakoa!".
Mahaingurua Eibarren
Debabarreneko Gure Esku Dagok iragarri du erabakitzeko eskubidearen gainean jarduteko mahainguru "berezia" antolatu duela Eibarren apirilaren 27rako. Juan Jose Ibarretxek (lehendakari ohia), Garbiñe Biurrunek (epailea) eta Mario Zubiagak (EHUko irakaslea eta GEDkidea) parte hartuko dute, Jon Telleria kazetariaren gidaritzapean. Mahaingurua apirilaren 27an izango da, arratsaldeko 7etan, Armeria eskolako areto nagusian.