Photocalla egingo da aurten ere Aratosteetan

Erredakzioa 2017ko ots. 24a, 12:37
Iazko lehiaketaren irabazleak.

Heldu da mozorrotzeko unea. Gaur hasiko dira Aratosteetako jaiak herrian, Euskal Aratosteen egitarauarekin. Hutsik egingo ez duena zapatuan Udaletxepean egingo den argazki txokoa edo photocalla izango da.

Zapatuan, 13:00etan hasi eta iluntziko 21:00ak arte izango da martxan argazki txokoa, eta argazkiak 605 706 086 whatsapp zenbakira bidali ahalko dira, lehiaketan parte hartzeko, edo, besterik gabe, Aratosteetako argazki bilduman sartzeko. Argazki guztiak igandean 14:00etatik aurrera ikusi ahal izango dituzue plaentxia.eus webgunean.

Aratosteetako mozorro lehiaketan hiru sari emango dira: 1. 150 euro; 2. 100 euro; 3. 50 euro.

Herritarrek igandeko 14:00etatik asteleheneko 24:00etara eman ahal izango duzue botoa Plaentxia.eus webgunean. Herritarren botuek %40ko pisua izango dute puntuazio orokorrean, eta gainerako %60a epaimahaiaren puntuazioak erabakiko du.

Sari-banaketa martitzenean egingo da, arratsaldeko 8etan, karpako dantzaldiaren atsedenaldian.

Aurten, aurreko urteetan izandako arazoak saihesteko, bozka emateko formulario erraz bat beteko da norberaren datuekin. Gainera, lehiaketan parte hartzen duzuen guztion artean opari bat zozkatuko dugu.