HERRI-GALDEKETA

Estatus politikoaren gaineko galdeketa maiatzaren 7an egingo da Soraluzen

E. Unamuno 2016ko abe. 30a, 15:34

Herriko artista ugarik musika eta dantza ikuskizunez jositako ekitaldi berezia eskaini zuten atzo antzokian. Soraluzeko Gure Esku Dagok iragarri zuen estatus politikoaren gaineko herri-galdeketa maiatzaren 7an egingo dela. Argazkiak: Fernan Oregi.

Musika joz, kantatuz, dantzatuz eta marratuz harilkatutako ikuskizunen segida eskaini zuten atzo antzokian. “Erabakitziak libriago egitten gaittu” lemapean, hainbat belaunalditako artistek hartu zuten parte ekitaldian eta sorkuntza-lan sorta bariatua eskaini zuten: txalaparta melodikoarekin jotako aurreskua, zuzenean margotutako murala, bertsoak, poesia musikatua, flamenko eta euskal dantzen fusioa... Hainbat kantu ezagun ere interpretatu zituzten: Zea Maysen “Negua joan da ta”, Gariren “Esperantzara kondenatuak”, Ken 7-ren Itsasoa gara, Pirritx eta Porrotxen “Munduko koloreak” eta Laboaren “Txoriak txori”. Tartean, Tere Sousak ekitaldirako propio prestatu zuen testua ere errezitatu zuen, erabakitzeko eskubidearen eta libertatearen gainekoa.

"Printzipio demokratikoa" 

Ane Ugaldek eta Amparo Ibargurenek irakurri zuten amaierako adierazpena. Bertaratu ziren herritarrei eskerrak ematearekin batera, galdeketa egiteko prozesuan ideologia ezberdinetako pertsonak batzearen beharra azpimarratu zuten: "denok gara beharrezkoak, berdin dio ideologia edota pentsakera ezberdina izatea, erabakitzeko eskubidea, printzipio demokratikoa delako eta erabakitzeak denok berdinago, libreago egiten gaitu. Elkarbizitza osasuntsuago baterako ezinbesteko tresna dugu erabakitze eskubidea".

"2017a urte erabakigarria"

Gure Esku Dago mugimendu herritarrarentzat, 2017a "urte erabakigarria" izango dela adierazi zuten, "galdeketen hiru olatu nagusi izango ditugu eta: lehenengoa Martxoaren 19an, bigarrena maiatzaren 7an eta hirugarrena ekainaren 18an. Guztira 113 herri eta milioi erditik gora herritarrok izango dugu aukera gure iritzia emateko".

"Denon laguntza ezinbestekoa"

Galdeketa antolatzeko lanean "denon laguntza eta partehartzea ezinbestekoa" izango dela adierazi zuten eta baita galdeketaren berri inguruan zabaltzea ere "zuen inguru hurbiletik hasita: etxekoak, senideak, lagunak, ezagunak, lankideak, ikaskideak… denei helarazi behar diegu M-7ko galdeketan parte hartzearen garrantzia eta animatu egin behar ditugu eurek ere protagonista izan daitezen".

Hurrengo lanak: galdera adostea eta 400 sinadura biltzea

Urtarriletik aurrera herrian egin beharreko "galdera, edo galderak" adosteko prozesua jarriko dute martxan "eta modu batera edo bestera, denok izango dugu aukera, galdera edo galderak zein izango diren erabakitzeko". Galdera adostu ostean, "sinadurak biltzea izango da hurrengo lana, gutxieneko helburua da soraluzetarren %10en babesa lortzea,400 bat lagun. Baina argi dago hori gutxienekoa dela eta saiatu behar dugula ahalik eta sinadura gehien lortzen. Bide batez, galdeketaren berri eman eta herritarrak partehartzera animatzeko tresna bat ere badelako sinadura bilketa".

Horiek dira Soraluzeko Gure Esku Dagok hurrengo bizpahiru hilabeteetan burutu beharreko lanak. Apiriletik aurrera, berriz, "maiatzaren 7ko galdeketaren berri eman eta txoko guztietara, parte hartzearen aldeko mezua helaraztea" izango da zeregin nagusia. 

Oharra: Laster sareratuko dugu ekitaldi osoa jasotzen duen bideoa.