Alex Txikon alpinista aski ezaguna da Euskal Herrian zehar eta baita nazioartean ere. Hamabi zortzi milako eta hainbat eta hainbat saiakera ditu bizkar gainean lemoarrak. Nanga Parbat-eko gailurra lehenengoz neguan zapaldu ostean nazioarteko alpinismoaren historian sartu da. Soraluzera zetorren lehen aldia izan zen atzokoa eta bidaia laguna, Ali ‘Sadpara’ paskistandarra ondoezak jota etorri ezin izan ze arren, aho bete hortz utzi zituen irudi eta azalpenekin bertaratukoak.
Nanga Parbat, ezustean sortutako erronka
Txikon eta bere taldeak K2 mendia eskalatzea zuen begiz jota 2016ko neguko erronka modura eta berau prestatzen jardun zuten denbora luzez. Denbora horretan Txinako gobernuak ez zizkien beharrezkoak ziren baimenak helarazi eta bertan behera utzi behar izan zuten espedizioa.
Bigarren aukera baten bila hasi ziren eta horrela sortu zen Nanga Parbat, "la montaña asesina" edo lemoarrari esatea gustatzen zaion moduan " la montaña desnuda", mendia eskalatzea. 2015. urtean, orduan ere neguan, saiakera egin zuen Txikonen taldeak baina 7850metrotaraino iritsi ziren.
Nanga Parbat munduko zortzigarren mendirik altuena da (8126m) eta handiena bolumenari dagokionez. Hiru isurialde ditu Diamir, Rupal eta Rakhiot eta Pakistango lurretan kokatzen da.
Plangintza eta logistikaren garrantzia
Txikon eta bere taldeak 2015. urtean egindako akatsak berriz ez errepikatzeko ahaleginetan plangintza zuhurtziaz burutu zuten. Tontorrera iristeko zailtasunak asko ziren; 4000metroko desnibela, tenperatura baxuak ( ia beti -30 eta -50 gradu artean) eta gogorrak (haizea, gela, elurra), aukeratutako bidearen (Kinshofer) lan karga handia, distantzia handiak (7800metrotatik 8100 metrora hiru-lau ordu adibidez), materialaren pixua eta exigentzia fisikoa besteak beste. " Mendiak ez dizu hitz egiten baina informazioa ematen dizu uneoro eta horregatik tentuz joan behar duzu mendia sentituz eta errespetatuz".
Txikonen taldearentzat tontorrera iristeko gakoetako batzuk informatzea, aurrez neguko hiru espedizioetan hartutako esperientzia eta bertan ikasitakoa, Argentinako andeeetan egindako aklimatazioa, kanpalekuak jartzerako orduan hartutako erabakiekin asmatzea eta baldintza metereologiko pixkat hobeak izatea izan ziren
Otsailaren 22an tontorreruntz
Espedizioa, Txikon, Sapdara, Moro eta Lunger, otsailaren 22an goizeko 06:00etan irten zen kanpalekutik tontorrera (iaz 03:00etan atera ziren eta luzeegia egin zitzaien). Baldintza metereologikoak medioa bi egun denda barruan eman behar izan zituzten egoera gogorretan. 6900metrotara soka gabe geratu ziren eta "estilo alpinoan" jarraitu zuten lau mendizaleek tontorreruntz. "Haizeak atzetik 40kilometro orduko abiduaren jotzen zuen uneoro eta tenperatura termikoa -60 gradu zero azpikoa zen". Ali izan zen tontorrera iristen lehena, hamabost minutura Alex eta ostean Simone. Laugarren alpinista, Tamara Lunger metro batzuk beherago (7950m) geratu zen. "Tontorrean zaudenean beldurra sentitzen duzu eta ahalik eta azkarren kanpaleku basera iritsi nahi duzu. Tontorretik beheruntz jeisten hasi ginenean hasi zen niretzat benetako Nanga Parbat-eko igoera".
Txikon, Sadpara eta Moro nazioarteko alpinisten historian
251 pertsonak soilik zapaldu dute Nanga Parbat mendiaren gailurra (lehena 1953an, Herman Buhl) eta 29 espedizioren ostean 2016ko otsailaren 26an, hau da neguan, lehenak izan dira Alex Txikon, Ali Sadpara eta Simone Moro. 2017. urtean jasotako materialarekin ikus-entzunezko bat osatzeko nahia eta gogoa erakutsi du Txikonek.
Espedizioko argazkia gehiago hemen.
Nanga Parbat-eko neguko igoerari buruzko ikus-entzunezkoa Informe Robinson: Invierno en el Nanga Parbat