"Herri moduan aurrera egiteko estatu bat izatea da aukera bakarra" Larraitz Ugarte

G.Azkarate 2016ko ira. 16a, 21:49

Arratsaldeko 19:00etan udaletxe-azpian hauteskunde ekitaldia egin du EH Bilduk. Bertan Larraitz Ugarte, Eusko Legebiltzarrerako hautagaia eta Unai Larreategi Soraluzeko EH Bilduko kidea alderdiaren eskaintza politikoaren inguruan solastu dira.

 

EH Bilduk duen eskaintza politikoaren inguruan mintzatu da Larraitz Ugarte arratsaldeko solasaldian eta esan du azken zortzi urteak ez dutela ezertarako balio izan.  Ahal dugu, Eaj eta eragile sozialekin euskaldunon eguneroko politika aldatzeko proposamenarekin Madrilera joateko akordio zabal baten alde azaldu da Ugarte baina azpimarratu du ez daudela prest Ibarretxe planarekin gertatu zen bezala esku hutsik bueltatzeko. "Espainiatik datorrena txarra da eta txarragoa izango da ".

Irailaren 25ean EH Bildu indartsu bat agertzea garrantzitsua dela esan du Ugartek Espainiarekin konfrontazio demokratikorako beharrezkoa den gatazka politikoaren intentsitatea areagotzeko .Gaineratu du herri honek aspirazio bat daukala eta EH Bilduren apustua independentismoa dagokion lekuan jartzea dela hurrengo lau urteetan Lege biltzarrean salto kualitatibo bat emanaz.

Amaitzeko Ugartek esan du EH Bildu bere burua ezkerrekotzat aitortzen duen mugimendu bakarra dela eta independentismoaren aldeko bermea. Gogorarazi du munduan estatu independiente txiki asko daudela oso ondo bizi direnak eta azpimarratu du Euskal Herri independiente batean Espainiaren barruan baino hobeto biziko ginela. "Herri moduan aurrera egiteko estatu bat izatea da aukera bakarra".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Soraluzeko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 699 86 87 29 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @plaentxia kanalera.