Barixakuan zabaldu zituen ateak Soraluzeko 1go Garagargo festak. Eguraldia lagun izan zen iluntzerarte eta trikilariek alaiturik giro bikainaz gozatzeko aukera izan zuten gerturatu zirenek.
Jendez gainezka izan zen karpa zapatuan. Ukondoak eta saltxitxak izan ziren menu izarra eta garagardo ezberdinak eztarria bustitzeko aitzakia. Iluntzeko 22:30etatik aurrera herriko musika taldeen kontzertuak entzun eta ikusteko aukera izan zen. Garraxi talde gaztea igo zen lehendabizi taula gainera."Nirvana", "Green day", "Red Hot Chili Peppers" eta "Berri txarrak" bezelako taldeen bertsioak jo zituzten rock doinu biziarekin giroa berotuz. Gaueko 00:00etan "The Osso Basatis" taldearen unea iritsi zen. Aulkietan jarrita zeuden pertsona apurrak tentetzea lortu zuten "Motorhead", "Ncc" eta "Hertzainak" taldeen bertsioekin. Estenatoki gainean taldeak rock n' roll jarrera gordina erakutsi zuen eta laukote modura zer esana emateko aukera handiak dituztela erakutsi zuten kontzertu zuzen, indartsu eta trinko bat eskeiniz. Taldeari izena ematen dion "The Osso Basati" beraien abestiarekin amaitu zuten kontzertua.
Antolakuntza pozik herriaren harrerarekin
Gorka Zubiaurre, antolakuntzako taldeko kideak, esan digunaren arabera pozik daude ekimenak herrian izan duen harrerarekin. "Garagardo festa bat antolatzen den lehen aldia izan da herrian, orain bi egunotakoa aztertzeko unea da ondoren balorazio zehatzagoa egiteko baina pozik gaude emaitzarekin".