Elkarrizketak eta dokumentala
Irailetik hona, gaztetan ibaiarekin harreman estua izan zuten hamalau herritar elkarrizketatu dituzte; eta udara bitartean, beste lau elkarrizketa egiteko asmoa dute. Leire Gineak eta Tere Guenetxeak dihardute elkarrizketatzaile-lanak egiten eta Pil-pileaneko Gaizka Azkarate, ikus-entzunezko teknikaria, arduratzen da dena behar bezala grabatzeaz. Gero, grabatutako elkarrizketekin eta jasotako argazkiekin, ibaiaren inguruko dokumental bat egingo dute, datorren neguaren amaieran edo udaberri aldean estreinatuko dutena. Ziur daude dokumentalak sekulako arrakasta izango duela, “ibaiaren inguruko kontuek interes handia pizten dute herrian; ez da harritzekoa, ibaia herriaren erdi erditik pasatzen da eta sekulako garrantzia izan du herritarren bizimoduan”.
Ibaia bizimoduaren erdigunean
Adineko jendeak kontatutakoaren arabera “argi ikusten da, orain dela hamarraldi batzuk ibaia herriko bizimoduaren erdigunea zela: ibaian arropa garbitzen zuten; arrantzan egiten zuten, batzuk txalupetan; zenbaitzuk arrain haztegitxoak zituzten; ibaiaren hainbat tokitan bainatu egiten ziren adin guztietako herritarrak, igerian ikasten zuten eta jolas egiten zuten - ahate harrapaketan, kukainan, trainera lasterketetan, hidrozikloan…-, uraren indarra aprobetxatzen zuten zentral hidroelektrikoen eta erroten bitartez…”. Fabriketatik ibaira produktu kutsagarriak isurtzen hasi zirenean ondatu zen mendetan zehar iraun zuen oreka, gizakiaren eta naturaren arteko hartu-emana. Oreka hori galdu aurretiko bizimoduaren testigantzak jaso eta zabaltzea da Alkarrekineko lan-taldearen helburua, etorkizunean oreka berreskuratzeko lagungarri izango delakoan.
Elkarrizketatuak
Gaur gaurkoz honako hauek elkarrizketatu dituzte:Txistu-Pedro Jose Etxeberria, Santos Elizburu-Juan Luis Ugalde, Federiko Eguren, Mari Karmen Oñate, Benita Galarraga, Agirrebeisti baserriko Josefa, Atxito, Axpe-Gabilondo, Barruetabeña-Txaro Maiztegi, Jose Antonio Amuategi. Egunotan beste herritar batzuekin ere ari dira hitzorduak lotzen.
Dena den, herritarren batek ibaiaren inguruko informazio interesgarririk baleuka (kontakizun, argazki…), jarri kontaktuan arduradunekin eta gustura jasoko dituzte ekarpenak.