Federiko Eguren: “Aittakin peskara juatia jaixa zan neretako”

E. Unamuno 2016ko eka. 26a, 09:42

Federiko Eguren.

Federiko Eguren (Soraluze, 1932) Igarateko etxean bizi izan zen gaztetan. Igarateko etxea Sagar Errekarako sarbidea dagoen lekuan zegoen; Kainoi fabrikako “direktorearen” etxea zen. Federikoren aita, Andres, direktorearen gidaria zen eta denbora zuenean arrantzan jarduten zuen etxe ondoko ibaian. 

Andresek egurrezko txanala zuen, berak egina, “Igarate” izenekoa eta hura erabiltzen zuen ibaiaren alde batean eta bestean arrantzan egiteko. Federikok gogoan du arrantzarako apareju mordoa zeukatela etxean eta aitak berak egindako arrain haztegi txikia. Aitarekin arrantzara joatea jaia zen Federiko txikiarendako, gozamen handia. Grabazioan jasotako zenbait pasarte ekarri ditugu hona:

Arrantzarako aparejuak

“Mutikotan ibaixan asko ibiltzen nintzan, porke, aitxak eukan afiziño haundixa peskarako. Ta harek zeukazen, ba, tresnak, aparatuak, eee, milla: eukazen butroiak, euskazen kañak, eukazen sariak, eukazen… danetikan, txingak…  eta haren atzetik, han hasi nintzan ni; batian kañatxo batekin, hurrengo botellekin… Gero, ba, pixkat nausitu nintzanian, 10-14 urtekin, ba, mobimentu gehixau…” 

Aberatsa arrainetan

“Errekia aberatsa zan, oso aberatsa zan. Arraina euan asko, han behian. Presapian bertan bakarrikan, eee, neguan, eee, bueno! Danetikan: euan hasteko, angirak. Aingira-leku ona zan, presapera jote eben asko, jateko asko eukiko ebelako, dana dala… Gero, barbua… barbuak eren, milla.  Gero eren loiñak. Gero eren eskailuak. Gero eren sarbuak. Gero eren kangrejuak, zigalen neurrikuak, bel-beltzak. Ta harek jote eben, uda partian, amorraiñak sobre todo, jote eben sagar errekako erreka muturrera, harek ur garbixa ekartze eban, ibaixak ez hain garbixa…”

Arrain-haztegi txikia

“Etxe handixa zan Direktoriana, ta hurrengo etxia zan garajia. Ta gu garajeko etxian gainian bizi ginan. Arrainakin, gure aitxak ein eban barrika bat jirau, baina barrika bat ez oinguan moduan metalezkua; egurrezkua. Orduan metalezkorik ez zan…Ta hari eiñ zotsan ura ipini Sagar Errekatikan, ur korronta ipini, etxian barrutikan. Ta harrapatze ebanakin, ze itxe eban? barrikara bota, arraina barrikara botatzen zeban”.

Aitaren txanala

“Horretarako, einda eukan txanala aitxak, ibixan. Txalana ibixan ibiltzeko. Harekin txanalakin manejatzen zitxuan baztar guztiak. Txanalakin itxen zeban arrantzan, ta eukan esprabela (sare bat). Sobre todo neguan, neguan arrainak itxen dau (…) potzu haundixetara, ur haundixetara joan… ta hortxe botatzen zeban… inoiz, kale galantak be bai, ta bat bera hartu ez. Ta, hurrengo, ba tokau, etara esprabelatikan ta barrikara!”

Txintxilak harrapatzen otarekin

“Aitxak otak ekarri menditxikan, ipini pisua otiari (ota zati haundixa, e?) , lotu txanalari, han eukazen heldulekuak-eta, han lotu eta haura uretara bota, otak, pare bat. Txanalan luzeeria, hiru metro eukazen, ba, metro t'erdira hola. Ta, badakizu zetarako? Kiskillak harrapatzeko. Hori, entzun dozue sekula? Kiskillak. Ta ze itxe eban kiskilliak? Kiskilla otan sartzen zan, ota artian, gordelekua izango zan berandako. Ein bihar izaten zan, hartu eta etara segiduan,  ta astindu gero… ez dakit nondik etortzen zian, hori mila bider esan dot eta inork ez zostan sinistu be itxen! Nik uste itsasotik etorriko zirala…”